
Leporaino bete zen atzo Ordiziako Barrena kultur etxeko areto nagusia. EH Bilduk Euskal Bidea proposamenaren aurkezpena egin zuen,
100 mila kafe egitasmoaren baitan. Ikerne Badiola eta Joxean Agirre izan ziren bertan, proposamen berriaren gaineko xehetasunak eman eta herritarren galderak erantzun zitzuten. Goierriko hainbat txokotatik gerturatuta, 100 lagun inguru bildu ziren bertan.
EH Bilduko kideek Euskal Bidea ez dela “soilik abertzaleen mesederako —nabarmendu zuten—, guztien onerako baizik”. “Demokrazia eraikitzea jendarte osoarentzat da onuragarri”, zioen Joxean Agirrek. Demokraziaren eta inposizioaren arteko “talka” gainditzeko beharraz aritu zen Badiola. Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko gakoa erabakitzeko eskubidea dela aldarrikatu zuten: “Euskal herritarrok gure buruaren jabe egiteko lanabesa da, lanabes demokratikoa”.