Bihar eta etzi egingo dute Beasainen neguko arroparen stock azoka, Bareak elkarteak antolatuta
Bihar eta etzi egingo duzue Beasaingo stock eta beherapen azoka. Aurtengoa bosgarrena izango da. Zein abantaila ditu halako azoka batek?
Pepi Unanua: Neguko arropa deskontu handiekin eskaintzen dugu, eta kalean jartzen dugu, herritarren eskura. Gure produktuak eskaintzen dizkiegu, %50 edo %60ko deskontuarekin, eta horrek jendea erakartzen du. Erosleek produktuak merke eskuratzeko aukera dute, eta guk dendan eta biltegian lekua egiten dugu arropa berria jasotzen hasteko.
Dendan baino gehiago edo gutxiago saltzen duzue azokan?
Tere Garin: Jende askoz gehiago ibiltzen da azokan, eta beraz, gehiago saltzen dugu, baina irabazirik ez dugu izaten. Horrelako azokekin merkatariok dirua galtzen dugu, baina lekua irabazten dugu. Produktu horiek denak dendan gordeta ez dugu ezer irabazten eta azokarekin jendearengana gerturatzeko aukera dugu.
Noiz hasten zarete azokarako produktuak prestatzen?
P.U: Denda bakoitzak bere antolaketa egiten du, salgai duen produktuaren arabera, ez delako berdina, arropa eraman, oinetakoak, barruko arropa edo bizikletak, adibidez. Denda batzuek, gainera, azoka egunean itxi egiten dute eta beste batzuk bietan egoten dira. Antolaketa ezberdina da bakoitzaren kasuan.
Zenbat denda egongo zarete bi egun hauetan egingo duzuen azokan?
T.G: Guztira 27 dendak parte hartuko dugu, baina azokan 14 egongo gara. Gainerako 13 dendek beraien produktuak kalera aterako dituzte, denda atarira edo ate ondora.
Zergatik banatuko zarete?
T.G: Bakoitzak dituen baliabideen arabera egiten da banaketa; bakoitzak erabakitzen du non egon. Batzuek ezin dute aurreko antolaketa hori egin, edo duten produktua plazara eramatea esfortzu handia da. Baina beraiek ere nahi dute parte hartu, eta produktuak kalera ateratzeak horretarako aukera ematen du.
Zein denda egongo zarete plazan, eta zein dendak aterako ditu produktuak atarira?
P.U: Loinazko San Martin plaza azpian Andreak, Pergola, Zuretzat, Kux-kux, In your closet, Itak, Alzuri, Xalo, Phauket, Boca-Boca, Mujika txirrinduak, Udaberri, Argi optika eta Trigune egongo gara. Horiez gain, YS, Zuna, Amets, Yañez, Cortes, Vicuña, Orki, Pergola, Nacho, Imaz optika, Mirari, Jauregi optika eta Aranburu dendek atarian jarriko dituzte produktuak.
Bestelako ekintzarik antolatu al duzue azokaren bueltan?
T.G: Plazan zezen mekanikoa jarriko dugu eta eguraldi ona egiten badu Zubimuzu plazan puzgarri handi bat. Erosketa egiten dutenei elkarteko tabernetan pintxo bat doan jateko bale bat emango diegu.
Datozen hilabeteetarako kanpainarik ari al zarete prestatzen?
P.U: Martxoan sentsibilizazio kanpaina egingo dugu, jendea herriko dendetan erostera animatzeko. Eta koloretako pultsera batzuk ere saldu behar ditugu. Pultserak guk ordaindu ditugu, baina irabazitako dirua Caritasi emango diogu. Gainerakoan, ia hilabetero egiten ditugu ekintzak.
Nola aukeratzen duzue zein ekintza egin?
P.U: Eskualdeko dinamizazio bulegotik laguntzen digute. Inguruko herrietako merkatari elkarteekin hitz egiten dugu egiten dituzten ekintzen inguruan, eta gero gure artean erabakitzen dugu zer egin.
Nabaritzen al duzue gero emaitzarik jendearen partetik?
T.G: Gero eta jende gehiago mugitzen da dendetan eta Beasainen ari da pixkanaka merkataritza indarra hartzen.