Urte garaiak eta aurreko asteetako eguraldiak kontrakoa pentsarazten badute ere, ferian produktu sorta ederra dago aukeran, eta berriak ere agertzen dira; aste honetan, sagar mota berriak eta gazta birrindua ikusi ditugu.

Joseba Baez idiazabaldarra, gazta saltzen
Neguan baratzeetan produktu gutxi izatearen ustea bada ere, mahaiz mahai ondo erreparatuz gero, makina bat osagai bada, menu ezberdinak osatzeko. Hala nola, barazki freskoetan: aza, azalore, romanesku, brokoli, txikoria, borraja, porru, zerba, ziazerba, kardu, baratxuri fresko, kuia edo kalabaza, erremolatxa, porru, eskarola liso eta kixkurrak, apio erraboilak, letxuga edo urazak. Gehienak berotegikoak badira ere, kanpoan etorritako buru txiki batzuk ere ikusi ditugu. Gainera, urteko tipula, babarruna, eta fruituetan kiwia, hurra, intxaurra eta sagarra. Aukera gutxi dagoeneko kontuak, beraz, indarra galtzen du. Hala ere, gustoko izaten dugu produktu berrien aipamena egitea, eta atzokoan aurkitu genuen.
Behi gazta birrindua
Batetik, Idiazabalgo Arimasagastiko Joseba Baezek, gazta birrindua aurkeztu zuen. Feriara etortzen hasi zenetik, orain hiru urte, aukera zabaltzen ari da. «Behi gaztatan freskoak eta onduak batetik, gazta krema ere saltzen dut eta gaurtik aurrera birrindua ere salgai jarriko dut, ea zer harrera duen». Eta behin feriako martxa hartuta eskaintza ere zabaltzen ari da: «intxaur asko izan da aurten eta salgai ditut, etxeko arrautza eta udan barazki batzuk ere ekarriko ditut». Donostian jaiotako idiazabaldar honek aitortu digunez, beti erakarri izan du baserri mundua, eta poliki-poliki, «lan asko eta buru hauste ugarirekin baina ari gara»; bere nahia egia bihurtzen ari deneko sentsazioa du.
Sagar mota berantiarrak
Bestetik, Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk bi sagar mota berri ekarri ditu: udare-sagarra eta mendiola delakoa «biak ere gordinak jateko ederrak, abenduan jasotakoak dira eta mendiolak bereziki errezilak baino hobeto irauten du, sagardotarako ere ederra» dela dio. 2 eta 3 euro artean du dozena salgai.

Sukaldean aramarrak nagusi: Ane Otegi eta Patxi Arizmendi
Gogora ekarri, bestalde, arbola landareak Juan Amezketa kalean salgai direla astero, eta arbola txertatzeko garaian ere bagaudela. Etxean prestatutako txertotarako erretxina salgai du Arantxa Zurutuza aramarrak, kilo erdiko potea 8 euroan.
Azkenik, 12 hilabete 12 produktu ekimenean, aramarrak nagusi atzokoan: hango Ostatuko sukaldariak, Ane Otegik, Patxi Arizmendi herrikidearen barazkiak oinarri hartuta, aza, gazta eta intxaurrekin prantatutako ogi xigortuak eskaini zituen.