Iparra Hegoa kultur astearen aurretiko ekintzen barruan dago, eta Lierni Elortza segurarra da aktoreetako bat
Iduzkilore antzerki taldea
Hasi dira dagoeneko Iparra Hegoa kultur astearen aurreko ekitaldiak. Kantaldia izan zen larunbatean, eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango da bihar. Senpereko (Lapurdi)
Iduzkilore talde amateurrak Hazparneko anderea antzezlana taularatuko du, 19:00etan, Aterpetxeko aretoan.
Telesforo Monzonek 60ko urteetan idatzitako lana da antzeztuko dutena, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Aktoreetako bat, berriz, Lierni Elortza segurarra da. Elortzak azaldu duenez, Monzonen idatzi klasikoari
umorea jartzen asmatu du Lipusek, ikuspuntua erabat aldatuz. «Aktoreok ez gara profesionalak, amateur talde bat gara, eta oso ongi etorri zaigu Lipusen zorroztasuna». Elortzaren esanetan, jendeak antzezlanarekin barre egitea lortu dute, eta hori da gakoa.
Hazparneko familia baten istorioa kontatzen da antzezlanean, parodia eginez. XX. mendearen hasieran Amerikara dirua egitera joandako familia baten gora beherak kontatzen dira. «Hazparnera itzuli zirenean, lortutako aberastasuna erakustea zen familiaren helburua, eta handinahi horrek eragindako egoerak erakusten dira».
Familia barneko gatazkek garrantzia hartzen dute testuinguru horretan. Familiako alaba, esaterako, markes batekin ezkondu nahi dute, alabak ere kategoria hori lor dezan. Alabak, ordea, beste gizon bat maite du. Markesaren papera da, hain zuzen, Elortzarena. «Antzezlan honetan garbi ikusi dut ez nintzela gizona izateko jaio», dio Elortzak.
Eszenografia berezia da. Izan ere, eszenan parte hartzen ez duten aktoreak ez dira ezkutuan egoten, taularen atzealdean baizik, sare baten barruan. «Originala da; ikusleek esan izan digute eszenografia horrekin abesbatza baten babes itxura ematen dugula».
Lan handia dago ‘Hazparneko anderea’ antzezlanaren atzean. 2013an hasi ziren prestatzen, eta iazko urriaz geroztik emanaldi ugari egin dituzte, gehienak Iparraldean.«Emanaldi batzuei ezezkoa eman behar izan diegu, muga nonbait jarri behar delako».
Lapurteraz idatzirik dago Monzonen lana. Elortzaren esanetan, ordea, hori ez da oztopoa antzezlana ulertzeko, eta segurarrak gaurko emanaldira joateko animatzen ditu. «Ikusi eta gozatu, horixe da antzezlan honek eskatzen duen bakarra».