Elkartea 2008an sortu bazuten ere, aurten lortu dute egoitza, Beasaingo Urbialde kalean.
Aste honetan jakinarazi zuen Bategite elkarteak egoitza eskuratu zuela, eta gaur bertan egin dute egoitza horren irekiera ekitaldia, Urbialde kalean. Koldo Agirre Beasaingo alkateak eta Cheickne Doucoure Bategite elkarteko kideek hartu dute hitza ekitaldian, eta elkartearen historia laburbiltzen zuen bideo laburra ikusi dute bertaratutakoek. Amaieran, lunch-a ere eskaini dute. Lokala bete egin da gaurkoan, bai etorkinekin, baita egitasmoa ezagutzera joan diren herritarrekin ere.
Doucourek esker hitzak izan ditu udalarentzat eta elkarteari babesa eskaini dioten guztientzat. “Guretzat oso egun berezia da, egoitza honek biltzeko leku bat eskaintzen baitigu, gure arazoak elkarbanatu eta denen artean irtenbide bat emateko; eta, noski, ikasteko eta gozatzeko gunea ere izango da”, adierazi du. Bestalde, egunen batean beharra izanez gero elkartera lasai jotzeko deia luzatu die ekitaldira joandako etorkinei.
SOS Racismoko kide bat ere izan da ekitaldian, eta halako elkarteek aholkularitza baino gehiago eskaintzen dutela adierazi du: “Etorkinek ez dituzte paperak bakarrik behar, kalean doazenean irribarre bat jasotzea ere behar dute”. Bide horretan Bategitek elkarbizitza eta integrazioa lortzeko lan handia egiten duela uste du.
Hain zuzen ere, elkartea egiten ari den lan soziala goraipatu du alkateak. “Gaur prozesu berri bat hasiko duzue, baina ziur orain arte bezala lanean jarraituko duzuela, eta hala egiten jarraitzeko eskatzen dizuet, gaur egun ezinbestekoa baita alor sozialean lana egitea”.
[nggallery ID=140]