Ibarran ari dira Euskaltrail eguna ospatzen eta 2015eko trailerako euskal selekzioa aurkeztu dute bertan
![Euskaltrail saria](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/02/trail.jpg)
Euskaltrail saria
Gaur Euskaltrail eguna ospatzen ari dira Ibarran (Gipuzkoa), hirugarren urtez. Trail-aren inguruan antolaturiko eguna da Euskaltrail eguna, egitarau bete-betearekin. Goizean mendi korrikaldia egin dute, eta bazkalostean 2015erako traileko euskal selekzioa aurkeztu dute. Horrez gain, 2014ko korrikalari onenari eta lasterketa onenari sariak banatu dizkiete. Zegama-Aizkorri mendi maratoia aukeratu dute 2014 lasterketarik onena.
Hain zuzen ere datorren maiatzaren 17an egingo dute aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Urtetik urtera gora doa lasterketaren ospea, eta aurten 5.000 izen-ematetik gora izan dira. Datorren ostiralean egingo dute zozketa parte hartzaileak aukeratzeko: 225 dortsal zozkatuko dituzte. Beste 125 iaz denbora onenak lortu zituztenei banatuko dizkiete, eta beste 100 konpromisoen arabera banatuko dituzte. Guztira 450 parte hartzaile.