Gorka Lariz: "Lehen sentsazio onak izan nituen, beraz animatu egin naiz"
Aktore lanetan ezaguna da Gorka Lariz ordiziarra. Duela hiru urte gerturatu zen, baina, ahozko kontakizunen mundura Ordiziako lehiaketa aitzaki hartuta. Aurten ipuin kontalari arituko da, egitarau nagusian. Ahozkotasunera pausoa emateko zain zuen Intujai Teatroko May Gorostiaga ere. Martxoaren 16an Ordiziako AEKren egoitzan arituko da kontalari lanetan, Iñaki Carretero lagun duela.
Ahoz Aho 2015 jaialdiko kartelean ageri zara, nola eman duzu kontakizunen mundura pausoa?
Ipuin kontaketan arituko naiz Ordizian bai. Honekin duela hiru bat urte hasi nintzen. Ipuinen ahozko lehiaketaren lehen bi edizioetan parte hartu nuen eta handik sortu zitzaidan aukera. Intujai taldeko May Gorostiaga ere ezaguna nuen lehenagotik eta ni mundu honetara ekartzeko atzetik animatzen ibili da.
Etxean txikiekin ere aritzen naiz ipuin kontatze lanetan, probatzeko aukera izan dut, eta orain jendaurrean aritzeko pausoa emango dut. Gustura sentitu izan nintzen lehiaketan aritu nintzenean ere, sentsaio onak izan nituen, beraz azkenean animatu egin naiz.
Haurrentzat soilik ez, kontakizunena helduen neurrira egindako saioak ere badirela diozue, ezta?
Bai, hori da. Ipuinak ez dira soilik umeentzat, helduek gozatzeko moduko istorioak eta kontalari asko daude. Jaialdian helduentzako aukera asko dago. Pentsa dezakegu AEKren egoitzan ume asko ez dela izango.
Aktore gisa aritzeak ipuin kontalaritzarekin zerikusirik ba al du? Aktore ezagutzak narrazioan erabiltzen dituzu?
Bai aktore gisa ditudan ezagutzak aprobetxatzen ditut ipuin kontaketan. Askorako balio du jendaurrean agertzerakoan.
Aurreratu al dezakezu prestatu duzuen saioa nondik norakoa izango den?
Helduentzako ipuin klasikoak jasoko ditut. Hortik ditugun kondaira eta leienda zaharrek izango dute lekua. Horraino, ezin dezaket gehiago aurreratu.
Gerora begira, ahozkotasuna eta narrazio munduan ikusten al zara?
Nik ditudan aukerei heltzen diet. Datorrena gustura hartuko dut. Aurrera begira narrazioaren munduan aukeraren bat badut, zergatik ez ba?
Ahozkotasunaren festa Tolosa eta Ordizia artean otsailaren 27an, ostiralean, hasi eta martxoaren 21a bitarte garatuko da aurtengo Ahoz Aho 2015 jaialdia. Kontakizunak, lehiaketak, ikastaroak… Euskal Herriko nahiz munduko beste hainbat txokotatik iritsitako istoriak entzuteko aukera izango da. Guztira bederatzi kontalari arituko dira Ordizian, ikastaro bat ere izango da eta baita kontakizun lehiaketa ere. Kuia erraldoia eskuetan Intujai Teatro konpainiako kideak eta Tolosako nahiz Ordiziako ordezkariak bildu ziren ziren ostiralean Donostian jaialdiaren aurkezpenean. “Estilo eta kultura askoren arteko gurutzaketa” da Ahoz Aho jaialdia Joxemari Carrere kontalariaren hitzetan. Hiromi Yoshida itzultzailearen lanari esker Japoniatik Euskal Herrira ekarri dituzten rakugoak, kasu. Antolatzaileek ipuin kontalaritza ez dela soilik umeentzako nabarmendu zuten. Ordizian, Barrenan izango dira helduentzako kontaketa saioak, baita AEKren egoitzan ere. Jaialdiaren baitan egingo da III.Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa ere, martxoaren 7an izango da lehen kanporaketa. Sailkatuekin finala, berriz, martxoaren 20an izango da Barrena kultur etxean.