Euskara ikasleak bertsolaritzara hurbiltzeko asmoz, Bertso Korrika egin dute Ordiziako kaleetan. Ikasleek proposatutako gaiei tiraka aritu dira Zumarraga-Urretxu eta Gabiriako sei bertsolari.

Hilabete eskas falta da Korrika Ordiziara iristeko, baina euskaltzale petodunak kalera irten dira dagoeneko. Euskaltegiaren bueltan dabiltza asteazken arratsaldez; euria atertu gabe ari du, baina esperotakoa zen: plastifikatutako petoak prestatzen ari dira euskara ikasleak, Bertso Korrika hasi aurretik.
Sarrera alboko gelan dira Begoña Garcia, Xanti Zurutuza, Txaro Hurtado eta Marisa Presa. Euskaltegiko ikasleak dira, eta, gelakideekin batera, bertsolaritza lantzen aritu dira klasean, Bertso Korrikaren atariko. Errimak, gaiak eta doinuak jorratu dituzte. «Erraz eta gustura» moldatu dira errimak osatzen, Ainhoa Mujika bertsolariak proposatutako ariketen bidetik. «Korrika hitza arbelean jarri, eta ika-rekin bukatzen diren hitzak bota behar zituzten, bete arte. Eta lortu dute», dio albotik Lorea Iparragirre AEK-ko irakasleak. Hogei bat lagun elkartu dira lanketan; horietako batzuentzat, ikasitakoa ez da guztiz berria: «Koplak egin izan ditugu. Adibidez, klasekide bati kopla bat egin genion hemendik joan zenean», dio Hurtadok.
Euskaltegitik kanpo ere, euskara egunerokoan dute, baita bertsoak ere. Gustuko dute bertso saioetara joatea, eta AEKn ikasitakoa lagungarria zaie ulermenerako, Presak kontatu duenez: «Hasieran agian ez nuen dena ulertzen, baina orain jada bai, eta gustura joaten naiz». Bat dator harekin Garcia; hala ere, bertsolaritza «polita» izan arren «zaila» dela iruditzen zaio.
Hutsetik hasi ziren euskaltegian, «euskaraz bizi nahi» zutelako. Batzuek bizpahiru urte daramatzate; beste batzuek, Garciaren kasuan bezala, duela urte asko hasitakoak dira, baina sartu-irtenak eginez aritu dira. Aurrerantzean ere, ikasten jarraitzeko asmoa dute: «Euskaltegira etortzen edo Mintzalagunaren bidez, baina jarraituko dut».
Hasieran agian ez nuen dena ulertzen, baina orain jada bai,
eta gustura joaten naiz bertso saioetara»
Marisa Presa (Euskara ikaslea)
«Euskaltegira etortzen edo Mintzalagunaren bidez,
baina ikasten jarraituko dut»
Begoña Garcia (Euskara ikaslea)

Ikasten ez ezik, gaiak prestatzen ere aritu dira Bertso Korrikarako, «bertso animatuak» izateko. Eta iritsi da hasteko ordua. Asteazkeneroko pintxo potea aprobetxatuz, lehen mokadua euskaltegian hartu, eta atarira irten dira, Ordiziako tabernetatik ibilbidea egiteko. Bertsolariak ere prest daude. Gabiriako eta Zumarraga-Urretxuko hiruna bertsolari aurrez aurre jarri dira: Beñat Torres, Maialen Akizu eta Asier Sasieta batetik; eta Jokin Murua, Aratz Igartzabal eta Mikel Asurabarrena bestetik. II. Atera herri arteko txapelketako finalean bi taldeok lehiatu ziren, eta ordukoari buelta emateko gogoz dira gabiriarrak. Irabazteko, ordea, entzuleak hasieratik «poltsikoratu» beharko dituztela ohartarazi die Mujika saioaren gidariak: gai-jartzaile izatearekin batera, epaile izatea ere tokatu zaie bertaratutakoei. Bertso sorta bakoitzaren ondoren, besoa altxatu beharko dute gustukoenaren alde; amaierako puntuaketak erabakiko du irabazlea.
Euskara ikasleei erreferentzia eginez egin du agurra Sasietak: «Euskaltegira etorri eta / hau bai talde potentea / peto ta guzti / a ze kuadrilla / badago borondatea». Euskara ikasteak «mila eta bat problema» dituela onartu dute bertsolariek, baina ahalegin horri eusteko deia egin diete: «Zuek bezalakoak behar ditu euskarak».
Euskaltegi kanpoan agurrak botata, tren geltokirantz egin du bidea Bertso Korrikak. Han, euskaldunekin ligatu nahi duten bi ikasleren rolean jarri dituzte Sasieta eta Murua. Ligatu ezinda, Madrilera joatea proposatu du Muruak; Cadiz edo Almeriara joatea ere buruan izan du Sasietak, baina gertuago geratzea erabaki dute azkenean, eta bertso eskolan izena ematekotan dira: «Esan didate bertsolariek tope ligatzen dutela». Jarraian, euskaltegiko ikasleek jarritako zortzi errima «gaiztori» aurre egin behar izan diete Igartzabalek eta Akizuk. Luze jo du pintxo poteak, eta bertso saioak Korrikari pasatu dio lekukoa. Martxoaren 23an euskahaldun izango da Ordizia.