Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin eta San Celoniko udalarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu dute

Munduko zuhaitzik berezienen bilgune eta haztegi izango da Zegama aurrerantzean. Gaur jarri dute proiektu honen lehen hazia, Anduetza parketxean egin duten ekitaldian. Izan ere, Marti Boada bildumako 35 ale Zegamako Udalaren esku uzteko hitzarmena sinatu dute, San Celoniko (Bartzelona) Udalarekin eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ingurumen Zientzietako eta Teknologiako Institutuarekin. Baldintza bakarra landare horiek guztiak Zegaman bertan landatu eta dibulgaziorako erabiltzea da.
Marti Boadak berak ere parte hartu zuen ekitaldian, eta bere bildumako zuhaitz horien inguruko hainbat azalpen eman zituen. Munduan zehar ibiltzen da Boada, zuhaitz eta landare bereziak bilatzen eta aztertzen. Ondare horrekin guztiarekin, Europako Basoaren Museoa sortu nahi dute, unibertsitateak eta udalak elkarlanean. Eta Zegaman ere, zuhaitz horietako garrantzitsuenen mostra bat izango da, elkarlan horri esker.
“Estatuko edo penintsula mailako zuhaitzik handienak dira, eta kultu moduko bat da eta askok esanahi berezia dute. Horietako bat, Pin de las Tres Brancas, zuhaitz sinboliko bat da, Euskal Herriarentzat Gernikako Arbola denaren parekoa litzateke”.

Duela zortzi urte etorri ziren aurreneko aldiz Zegamara, eta egurraren museoaren inguruan egindako lana asko gustatu zitzaien. Harreman horren jarraipen moduan, beraien ekarpena egin nahi izan diote museoari. 35 zuhaitz landare ekarri dituzte, oraindik txikiak, baina urteekin hazi eta baso eder eta berezi bat osatuko dutenak.
Bere aldetik, Edurne Albizu Zegamako alkateak esker ona agertu zien, bai Boadari, bai unibertsitateari eta baita San Celoniko udalari ere, egindako ekarpenagatik. Orain, “herritar guztion zeregina eman dizkiguten zuhaitz hauek zaintzea, hazten ikustea eta ondorengo zegamarrei gure oinordekotza hori uztea” izango dela azpimarratu zuen.
Trukean, Zegamako hainbat zuhaitz arbola ere eskaini zizkieten udaleko eta unibertsitateko arduradunei.
Bihar, mendi irteera
Arratsaldeko ekitaldiaz gain, asteburu betea izaten ari dira Zegaman. Izan ere, atzo goizean, Marti Boada berak eta
Jordi Bartrolik, biak Bartzelomako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta ikertzaileak, hitzaldi bana egin eta Sant Celoniko
Basoaren museoa proiektua aurkeztu zuten.
Bihar berriz, landatutako zuhaitzen nondik norakoak ezagutzeko, ibilaldi gidatua egingo dute. Anduetza parketxetik abiatuko dira, 11:00etan.