Banatu dituzte Ttakun-ttakun lehiaketako sariak Beasaingo Udal Euskaltegian
Bost emakume musikari goierritarren izenak asmatu behar ziren
Martxoaren 8aren bueltan aletxoa jarri nahi izan du aurten ere Beasaingo Udal Euskaltegiak, eta Ttakun-ttakun! lehiaketa egin dute. Aurten, Goierriko emakume musikariak izan dituzte oinarri, eta bost emakumeren inguruko pistak emanda, bakoitza zein zen asmatzea zen kontua. Garazi Zabaleta, Maria Amolategi eta Lore Aldaregia beasaindarrak, Irati Badiola zegamarra eta Sara Zufiaurre urretxuarra izan dira aurten izen eskutuak.
Asko izan dira Beasaingo Udal Euskaltegiak antolatutako txapelketan parte hartu dutenak, eta guztien artean bi saridun izendatu dituzte: euskaltegiko ikasleen artean Fran Aizpun izan da irabazlea, eta herritarren artean Mikel Olano beasaindarra. Goierriko Hitzak egunkariak ere hainbat sari zozkatu ditu sari banaketan izan direnen artean. Euskaltegiko aretoan egin dute sari banaketa, eta bertan izan dira Arantxa Gastesi, Garazi Zabaleta eta Sara Zufiaurre musikariak ere.
Sariak banatu eta solasalditxoa egin dute hiru musikariek euskaltegiko ikasleen eta irakasleen aurrean. Musikari bakoitzak bere ibilbidea zein izan den azaldu du, eta ondoren, emakumeak musikan duen paperaz aritu dira. Mokadutxoa eginez amaitu dute solasaldia.
[nggallery ID=145]