Argazkia: Jakintza Ikastola.
Goizean goiz hasi eta eguerdira arte zuhaitz landaketa egin dute Jakintza Ikastolako eta Urdaneta Ikastetxeko ikasleek Ordizian. Garbigunearen goialdean, guztira ehun bat zuhaitz landatu dituzte. Horietatik 50 haritzak dira, 30 gereziondoak eta beste 20 haginak. EAEko zuhaitz ezagunak dira haritza zein gereziondoa, hagina, berriz, espezie mehatxatuen katalogoan interes bereziko babes maila jasotzen duen zuhaixka da.
Landaketa egin aurretik zuhaitz eta zuhaixkei buruzko azalpenak jaso dituzte udaleko ingurumen teknikarien aldetik; ondoren udal lorazainen laguntza izan dute landaketarako. Ordiziako Udalak urteak daramatza udalerriko berdeguneetan bertako zuhaitz espezieen landaketak egiten eta udalak helburu horrekin jarraitu nahi izan du aurten ere.