Euriak euri, baratzeek bere martxan jarraitzen dute, baina eguraldi onaren iragarpenek, poza eta esperantza sortu dute. Hazitarako patata ekartzen hasi da Jabier Lacalle aguraindarra.
Eguraldi onaren iragarpenak piztu du esperantza, baina oraindik kanpairik ozen jo gabe. Eskaintza bai, polita izan da aste honetan, baina zuhurtasuna nagusitu da, bai erosleen aldetik baina baita saltzaileen beraien gomendioei segituz ere.
Arrakasta handirik ez badu ere, orain arte aipatu gabeko zirikilotea (cabello de angel) salgai du Baliarraingo Irabiazpiko Edurnek. Mermeladak egiteko erabili ohi da, eta dastatzeko ere eman zuen atzo. Postu berean, begien alaigarri, aurtengo lehen mimosa adarrak; «abendu bukaeran egon zen loratzeko zorian, baina geroztik gutxitan bezala atzeratu da». Sorta bakoitza 2 euroan da salgai.
Arkumeari dagokionez, etxez etxeko bilketako prezioak iraunkor segitzen badu ere (kiloa 3 euro +BEZ), Ordizian saldu diren apurrak (5) kiloko 4 euroan eman dituzte. San Jose eguna ere gertu dugu, baina begi bistakoa da egun horretan arkumea jateko ohiturak indarra galdu duela azken urteotan.
Hazitarako patata
Hirugogei urte daramatza Jabier Lacalle aguraindarrak feriaz feria, eta hamaika kontu ditu gogoan. Lehen askoz patata gehiago ereiten zela dio; ohikoa omen zen bezero bakarrak 200 eta 500 kilo artean eskatzea. Orain, ordea, salbuespenak dira horrelakoak. Aurten, kilo gutxi batzuk besterik ez ditu saldu: «etxeko kontsumorako, baratze txikietakoak izaten baitira erosle gehienak». Eta pazientzia handiz, beharrezko informazioa emateko prest da. Kezka nagusia eguraldia du orain: «lurrak beroa behar du eta ez hain bustia» zioen.
Jaerla edo goizeko patata da oraintxe eskatuena (0,75 euroan kiloa) eta urteko patata salduena Agria (0,60/Kg.). Bitartekoa ere badu, Spunta, baina askoz gutxiago saltzen omen da; egosteko oso ona den arren, hezetasuna ez baitu ondo jasaten. Patata mota hauek ari dira nagusitzen urtetik urtea, Bonalisa eta Desiré motakok bazterrera geldituz. «Gurea urrea bezain horia da» bere lelo gustokoena.
Lehen geranio, huntza eta tomate landareak ekarri badituzte ere oraindik goiz zela zioten aho batez saltzaile eta erosle gaiek, eta aurreraxeago eskeiniko diegu behar duten arreta.