Etnografo donostiarrak egindako lana goraipatu nahi izan du Eusko Ikaskuntzak sari honekin
Etnografoa, kultura dibulgatzailea, eta ondoarearen defendatzailea izateagatik omendu eta saritu du gaur Eusko Ikaskuntzak Agirre (1946-2014). Beasaingo Igartzako jauregian egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Koldo Agirre Beasaingo alkatea, Agirre Sorondoren senideak eta Juan Agirre kazetaria, editatu berri den liburuaren eta sarituaren biografiaren egitea. Agirre Sorondoren senideek jaso dute saria.
Urteetan zehar Agirre Sorondok egin duen lana nabarmendu dute guztiek, eta Gipuzkoari egindako ekarpen garrantzitsua azpimarratu dute: lurraldeko errota, ermita, hilerri, ontziola, edo jai herrikoiei buruz egindako ikerketak, tartean, eta besteak beste,
Legorreta, historia de un meando (2004).
Eusko Ikaskuntzak 1983az geroztik ematen du sari hau, “Euskal Komunitate Globalari ekarpen handia egin dioten pertsonen lana errekonozitzeko”. Iñaki Dorronsorok gaur Igartzan esan duenez, Agirre Sorondo “merezimendu osoz” sartu da zerrenda horretan, “aldaketa azkarreko garai batean euskal errealitate sozial eta historikoaren eraikitzaileak izanik, ahazten hasiak ziren teknikak, praktikak eta usadioak erreskatatu dituen memoriaren antolatzaile eta zientzialari gisa”.
Agirre kazetariak azaldu duenez, lau euskarri nagusitan oinarritu izan da beti Antxon Agirre Sorondo: ahazteko arriskuan zeuden euskal kulturako altxorrak babesten, euskal kultura bere txikitasunean handi egiten, gauza txikiei garrantzia ematen eta herrietako eta auzoetako ohitura kulturalak berpizteko ahaleginean jendea ikerketara bultzatzen.