Orain artean Euskara eta Kultura Sailak egon diren gunean kokatuko du Beasaingo Udalak herritarrei zuzendutako harrera bulego berria. “Tramite guztiak ahalik eta modurik errezenean egiteko aukera” eman nahi diete beasaindarrei, eta bide batez, irisgarritasuna ere hobetuko dute.
Koldo Agirre alkateak azaldu duenez, sarrera Kale Nagusitik izango du, eta bulego berriarekin herritarrak udaletxean “galduta” ibiltzea ekidingo dute: “Orain arte tramiteren bat, ordainketaren bat… egin nahi zuen herritarra udaletxean gora eta behera ibitzen zen, sail batetik bestera, askotan galduta, eta hori da aldatu nahi duguna. Gune bat egongo da udal tramite guztiak egiteko”.
Legealdi hasieran egungo goberbu taldeak “udaletxeko ateak irekitzea” erabaki zuela gogoratu du Aitor Larburu zinegotziak. “Hori izan zen lehen egitekoa, ordura arte udaletxeak ez zuelako herritarrek behar zuten zerbitzua betetzen. Alde batetik bestera denbora asko galtzen zuten, kokapena ez zen egokia, eta orain tramite guztiak zentralizatu nahi dira”. Udaletxeko langileekin eta harrera bulegoko teknikariekin egindako lanketatik sortu da proiektua, eta Euskal Herriko beste herri batzuetako esperientzietan oinarrituta “Beasainera egokitzen den proiektua” gauzatu dute.
Aurrerantzean tramiteak hiru kanalen bidez egin ahalko dira: pertsonalki, telefonoz eta telematikoki. Larburuk esan duenez, “hiru kanalak maila berean egongo dira, eta hiru zerbitzuek batera funtzionatuko dute”. Aste Santuen ondoren, apirilaren erdialdera, irekiko dute harrera bulego berria, eta 07:30etik 14:30era bitartean emango du zerbitzua.