Herriko 18 eragile biltzen ditu Hiri Hezitzailea egitasmoak; Herri Curriculuma diseinatzea da datozen urteetarako erronka
Heziketa ikastetxeetatik harago doala ulertuta, herritar guztiak jotzen ditu eragile hetzitzaile Hiri Hezitzailea egitasmoak. Herritar guztiak dira hezitzaile gizartea sortzeko nahiz eraldatzeko. Bide horretan, parte hartzea funtsezkoa da, ahots guztiek dutelako lekua proiektuan. Egitasmo honen baitan ekintza ugari egin dira 2013-2014 ikasturtean Ordizian. Belaunaldien elkartrukea sustatzeko ekintzak, euskara eta euskal kultura indartzekoak, nahiz emakumeak eta genero berdintasunaren inguruan.
Guztira herriko 18 eragile biltzen ditu Ordizian Hiri Hezitzailea egitasmoak. Ikastetxeak, udaleko sailak eta teknikariak, elkarteak… atzo proiektua laburbiltzen duen ikusentzunezkoaren eta esku-orriaren aurkezpena egin zuten Barrenan herritarren aurrean. Orain arte egindako lanaren balorazioa egitearekin batera gerora begirako erronka nagusiak finkatu zituzten Belen Maiza Ordiziako udaleko zinegotziak eta Joxe Garmendia EHUko irakasleak.
Ezagun izango dute ordiziar askok Hiri Hezitzailearen egitasmoa, arrotz izango zaie beste hainbati. EHUko irakasleak aholkulari zituztela 2007an ekin zioten udaleko hainbat sailek proiektuari eta lehen lan ildoak zehaztu ondoren, 2008an aurkeztu zuten publikoki. «Udalerrian ikasi, udalerriarengandik ikasi eta udalerria ezagugu» eredu teorikoa oinarri hartuta, 2009an herriko azterketa egin zuten herriko hainbat eragilerekin batera eta 2011n herritarren beharren eta ekintzen ildo nagusiak finkatu ziren.
Jakintza Ikastolako haurrak jubilatuen egoitzan, Hiri Hezitzailearen baitan egindako ekitaldi batean.
Joxe Garmendia UHUko iraskasleak Ordiziako Udaleko politiko nahiz teknikariek herri hezitzaile ikuspegiarekin egindako lana goraipatu zuen. «Orri zuri baten gainean hasi ginen Ordizian, zaila izan zen, baina azkenean proiektu sendoa jarri genuen martxan», zioen Garmendiak.
Herri Curriculuma diseinatze bidean aurreikusten dituzten ekintzen berri ere eman zuen Maizak. Unitate didaktiko berriak prestatuko dituzte, baita Ordiziako argazki zaharrak jasotzen dituen bilduma ere. Era berean, ekintza guztiak bilduko dituen web ataria ere egingo dute.