Atzegik eta kirol elkarteek antolatu dute. Helburua gutxitu fisiko eta psikikoek eta gainontzeko herritarrek kirola elkarrekin egitea da. Amaieran, festa egingo duteKirola Elkarrekin ekimenaren laugarren edizioa egingo dute igande honetan, Legazpin. Eg...

Atzegik eta kirol elkarteek antolatu dute. Helburua gutxitu fisiko eta psikikoek eta gainontzeko herritarrek kirola elkarrekin egitea da. Amaieran, festa egingo dute
Kirola Elkarrekin ekimenaren laugarren edizioa egingo dute igande honetan, Legazpin. Egitasmo honen helburua gutxitu fisikoek eta psikikoek eta urritasun fisikorik edo psikikorik ez duten herritarrek elkar ezagutzea da. Horretarako, elkarrekin igeri egingo dute, futbolean eta palan jokatuko dute eta mendira joango dira. Ondoren, bazkaria eta festa egingo dituzte. Kirola Elkarrekin Atzegik eta herriko kirol elkarteek antolatu dute, udalaren laguntzarekin.
Legazpiarrekin batera, Gipuzkoa eta Bizkaiko sei talde arituko dira: Gautena, Dordoka, Berdin Berdinak, Uribe Kosta, Gorabide eta Konporta.
Kirol jardunaldia 09:00etan hasiko da. Ordu horretan, parte hartzaileei ongi etorria egingo diete. Ondoren, kirol ekitaldiak hasiko dira. 09:30ean mendizaleak abiatuko dira, kiroldegitik. Izadi Zaleak elkarteak eta Mendi Bazterrak enpresak bi ibilbide prestatu dituzte, 8 eta 5 kilometrokoak. Parte hartzaileek Aztirian bazkalduko dute. Parte hartu nahi dutenek, Izadi Zaleak elkartearen egoitzan eman behar dute izena.
Igeriketa eta futbol lehiaketak 10:00etan hasiko dira (Bikuña kiroldegian) eta pala txapelketa, berriz, 10:30ean (Urbeltz pilotalekuan). Aipatutako taldeetako kirolariak herriko kirol elkarteetako kirolariekin batera arituko dira. Ondoren, 13:30ean, gizarte zentroan bazkaria egingo dute. Bukatzeko, 15:00etan festa egingo dute.
Antolatzaileek legazpiarrak parte hartzera animatu nahi izan dituzte. «Garrantzitsuena ekimenaren filosofia da: kirolaren inguruan, elkarrekin eguna pasatzea. Adimen urritasuna eta urritasun fisikoa dutenak eta ez dutenak», esan du Inma Hernandezek.
Kirola Elkarrekin egitasmoa Legazpiko igeriketa taldearen ekimenez sortu zen. Kirolaren inguruko festa honek gero eta arrakasta handiagoa du. Iaz, esaterako, 300 lagunek parte hartu zuten eta aurten 370 bat espero dituzte. Parte hartzaile guztiei kamiseta bana emango diete.
Pala, berrikuntza
Berrikuntza nagusia pala txapelketa da. «Iazkoa hobetzeko, pala txapelketa antolatzea erabaki dugu. Gainera, Legazpin indar handia duen kirola da».
Herritarren erantzunarekin «oso gustura» daude. «Geroz eta jende gehiagok parte hartzen du eta herriko elkarteak inplikatzea lortzen ari gara. 100 bat legazpiarrek parte hartzen dute urtero. Gainera, giroa ezin hobea izaten da. Amaieran festa bat egiten dugu gizarte zentroan eta guztiek primeran pasatzen dute. Aurreiritziekin bukatzeko modurik onena, elkar ezagutzea da. Ekimen honi esker, batzuen eta besteen arteko hartu-emana estuagoa da».