Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioetara joateko dei egin dute Goierriko Gutun Sozialeko kideek; autobusa antolatu dute.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren sustatzaileek larunbaterako hainbat sindikatuk deitutako manifestazioekin bat egiteko dei egin dute aste honetan. Politikan zeresana eta erabakitzeko ahalmena izateko bidea «mobilizatzea» dela aurreratu zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorrak prentsaurrean herenegun.
Goierrin sindikatuak eta beste hainbat eragile biltzen dituen mugimendua da Eskubide Sozialen Gutunarena. Egungo eredu ekonomikoaren eta sozialaren aurrean alternatiba erakitzeko lanean ari dira. Larunbatean Bilbon eta Iruñean
Aldaketa soziala orain! lelopean egingo diren mobilizazioekin bat egin eta goierritarrei bertaratzeko deia luzatu diete. Bilbora joateko, Beasaindik eguerdiko 15:00etan abiatuko da autobusa. 15:15ean Zumarragako Eitzaga auzoko errotondan geldituko da Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako bizilagunak jasotzeko. Bilbon, 17:00etan abiatuko da martxa Jesusen Bihotzetik.
Gizarteratze fasean
Egitasmoa gizartean zabaldu eta indarra emateko mural bat marraztu dute aldaketa sozialaren aldeko mezuekin Ordiziako bonberiako horma batean aste honetan Gutun Sozialeko kideek Ordiziako gaztetxekoen laguntzarekin. «Abenduko batzarrean Eskubide Sozialen Gutunaren aurkezpena egin eta aurrera begira zer egingo genuen adostu genuen. Egitasmoa gizarteratzeko fasean gaude orain», dio Haizea Mendia LABeko kideak.
Egitasmoa ezagutaraztearekin batera, borroka ezberdinak uztartzeko ahalegina egin nahi dute. Hala, hainbat dinamika garatuko dituzte hemendik aurrera, gaika; martxoaren 4an Ordizian feminismoaren inguruan egin zuten hitzaldia kasu.
Erantzutetik eraikitzera
Ekainean egin zen Euskal Herriko Gutunaren aurkezpen nagusia. Goierrin iazko otsailen ekin zioten bilerak egiteari. «Alternatiba herritarren esku dago» zioten orduan; 13 eskubide soziopolitiko mahai gainean jarri eta haren gogoeta egin zuten.
2013ko maiatzeko greba orokorra mugarri izan zen, erantzutetik alternatiba bat eraikitzen hasteko. Eredu sozioekonomikoaren porrotaren erakusle hainbat datu aipatu zituzten. Goierri behean 2008tik langabezia %150 hazi da, prekarietatea areagotu egin da, ehunka langile hitzarmenik gabe, etxegabetzeak… Goierrin 600 familia inguru dira oinarrizko errenta bermatzeko diru laguntza behar dutenak.