Gazteak biltzen dituzten lokalen erabilera arautzeko ordenantza onartu du Beasaingo Udalak.
Parte hartze bidez osatu dute, gazteen, bizilagunen, jabeen eta udalaren artean.
Zein da gazte lokalen errealitatea Beasainen?
Guztira 18 inguru daude, ia denak herri erdigunean eta Ezkiaga eta Igartza auzoetan. Kokapenak lokal hauen izaera asko baldintzatzen du, baina denak aisialdira lotutako guneak dira, sozilazazioa bultzatzen dutenak. Lagunekin egoteko lekuak dira; gazteek ere halaxe definitu dituzte gune hauek.
Zerk bultzatuta erabaki du udalak gune hauen inguruko ordenantza edo arautegi bat egitea?
Gazteen errealitatea aldatu egin da eta lokaletan biltzeko eta egoteko joera sortu da. Urteak dira dagoeneko lokal hauek martxan daudela, eta egungo gobernu taldea udalera iritsi zenerako ia bizikidetza arazoak bazeuden gazteen eta bizilagunen artean. Hasieran tokian tokiko erabakiak hartzen genituen, arazo bakoitzera bideratutakoak, gazteekin eta bizilagunekin hitz eginda. Baina ordenantza edo arautegi baten beharra azpimarratzen zuten batzuek, eta arazoari benetan heltzea erabaki genuen. Hortik sortu da gazte lokalen erabilera eta izaera arautzeko onartu berri den ordenantza.
Urtebeteko prozesua izan da, eta gazteek, lokalen jabeek eta bizilagunek parte hartu dute. Zein balorazio egiten duzu?
Egia esan, prozesua luze joan da, baina hala izan da benetan gaia ondo landu nahi genuelako. Alde guztiekin banakako bilerak egin genituen hasieran, eta ondoren alde guztiekin batera, bakoitzak zuen ikuspuntua azaldu eta elkarrizketa zabaltzeko. Puntu batzuetan lortu zen orduan zegoen tentsioa baretzea, asko bizilagunek eta gazteek oso jarrera positiboa erakutsi dutelako hasieratik, eta ekarpenak egin dituztelako.
Beste alde batetik, baina paraleloan lan eginda, udaletxeko teknikoez osatutako talde batek ere parte hartu du prozesuan, eta beraiek izan dira lokal batek teknikoki zein behar dituen zehaztu dituztenak.
Bi atal ditu, beraz, ordenantzak? Inplikatutako aldeekin egin duzuena eta udal teknikariek egindako lana?
Gazte lokal bat zer izan behar den gazteekin definitu dugu, beraiek esandakoetatik ateratako ondorioekin. Baina gero ikusten genuen segurtasun neurriak eta gainerako neurri teknikoak legeen arabera ezarri behar zirela, eta horretarako beharrezkoa eta garrantzitsua zen teknikarien parte hartzea ere.
Bi aldeen lana uztartuta osatu duzue orduan ordenantza.
Bai, eta saiakera handia izan da, baina eskertzen da denek egin duten lana eta gazteen inplikazioa. Preokupatu egin dira, ordenantzaren inguruko interesa erakutsi dute, eta puntuz puntu landu dugu beraiekin ordenantza. Horrela onartu dute, eta alde horretatik gu oso pozik gaude, gazteak inplikatzea lortu dugulako.
“Gazte lokal bat zer izan behar den gazteekin definitu dugu, beraiek esandakoetatik ateratako ondorioekin”
Bizilagun batzuek ordenantza beteko den zalantza adierazi dute.
Prozesuaren hasieran bizilagunen kezka nagusia zen ez zegoela inolako markorik edo arautegirik lokal hauen inguruan, eta hori eskatzen zuten. Nik parte hartze prozesutik jaso dudanaren arabera, beraiek ados zeuden hartutako neurriekin eta ez dute eragozpen handirik jarri ordenantzaren inguruan.
Baina orain kezka dute, arautegi hau nola aplikatuko den. Gure helburua zerbait egingarria egitea zen, Beasainera egokitutakoa, eta horregatik nahi izan dugu alde guztien parte hartzea, udalarena barne. Ulertzekoa da bizilagunek kezka izatea, batez ere esperientzia txarrak dituztenek, baina gure helburua ordenantzan jasotzen dena betearaztea da.
Oposizioko alderdiek ere zalantza berak azaleratu dituzte.
Gai hau batzorde eta osoko bilkura askotan landu da, bizilagun asko etorri izan direlako osoko bilkuretara. Korporazio guztiak zeukan honen berri, eta kide batzuek behin baino gehiagotan eskatu diote udal gobernu taldeari zerbait egiteko gai honen inguruan.
Prozesuan zehar beti esan izan dugu hau guztia lehia politikotik kanpo egon behar zela, denon adostasun bat eskatzen zuela. Talde politiko batzuek aintzat hartu dute hori eta ekarpenak egin dituzte, baina beste batzuei ez zaie egokia iruditu ordenantza, nahiz eta konstziente izan arazo bat zegoela eta horri irtenbidea eman behar zitzaiola. Horregatik, harridura sortu digu EAJren jarrerak, arazo hau ez delako legealdi honetakoa, baina guri egin digute erantzule eta irtenbideak eskatu dizkigute. Irtenbidea emandakoan, ordea, gehiegizkoa iruditu zaie arautegia. Jarrera oztopatzailea izan dute, eta kasu honek agerian uzten du nabarmen legealdi guztian izan duten jarrera oztopatzailea.
Lokalen jabeek zein paper izan dute prozesu honetan.
Ordenantzaren helburua ere bada jabeak guzti honetan inplikatzea, lau urte hauetako esperientziak erakutsi digulako jabea benetan inplikatu denean arazoari irtenbidea eman zaiola. Ordenantza honek lortu duen beste gauzetako bat inplikazio hori izan da, eta jabe asko aktibatu dira, alerta egoeran jarri dira.