Olaberria horren herri txikia izanda, bertatik pala jokalari dezente atera direla dio Garikoitz Arrieta Ordiziako Oiangu Pala klubeko kideak. Oiangu klubean biltzen dira gaur-gaurkoz Goierriko pala jokalari gehienak. Idiazabalen badago beste klub bat: Atxurbide. Bi klubak Jexux Mari Albisuk sortu zituen. Guztira, Goierri osoko 23 bat pala jokalari ari dira egun Oiangun eta beste lau bat Atxurbiden. Arrietaren hitzetan, «pilota modalitate asko dago, eskua da gehien sustatzen dutena, baina hor daude erremontea, zesta-punta, sarea, pala…».
Pilotari eskuz jo baino, erremintak erabiltzen dira beste modalitate horietan guztietan. Arrietaren esanetan, «palan probatuz gero, harrapatu egiten zaitu. Indarra behar da, abiadura, intuizioa, erreflexuak… Kirol teknikoa da, eta ez dago horren lotuta adinarekin. Pala pilotari onenak 30 urtetik gorakoak dira. Tripa handia duen beteranoak aise gailendu ahal zaio gazte gihartsu bati».
Arrieta behin frontoira joan, eta Albisu jokatzen ari zen, «hark zirikatu ninduen eta entrenatzeko gonbitea luzatu zidan. Handik gutxira hasi nintzen entrenatzen, duela 18 urte bat jada».
Pala pilotari goierritarrak afizionatu mailan ari dira. Euskal Herrian ez dago palan aritzen den profesional askorik; dozena bat dira. Afizionatuetan, baina, goierritarrak puntan ari dira hala txapelketa ofizialetan nola pribatuetan. Nahi izanez gero, maila ona ematen ari den pala pilotari batek urte osoan lotu ditzake jokatzeko hitzorduak. Egun, Goierriko Oiangu taldea Gipuzkoako klubik indartsuenetakoa da.
Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatutako pala txapelketak irailetik abendura jokatzen dira. Palaren barruan pala luzea, pala motza, paleta larruz eta paleta gomaz modalitateak daude. Goierritarrek larruzko pilotekin jokatzen dute, kaskoa eta betaurrekoak jantzita. Gipuzkoako txapelketak pala luzean, motzean eta paleta larruzkoan jokatzen dira.
Egutegi oparoa
Euskal Herri mailako txapelketak urtarriletik martxora egiten dituzte. Gipuzkoako onenak GRAVNI (Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkai, Nafarroa eta Iparralde) txapelketan neurtzen dira martxoan. Maiatzean herri artekoari ekiten diote. Ekainean amaiera ematen diote egutegi ofizialari. Bien bitartean, txapelketa pribatuak ere egon badaude; izen-emate irekia dutenak eta maila onean egonez gero gonbidapen bidez pilotariak lotzen dituztenak.
Horrenbestez, palan sasoian dagoen jokalari batek ez dauka aspertzeko betarik. Oiangukoek entrenamendu bat edo bi egin astean eta, horiez gain, nork bere erara egiten ditu bestelako entrenamendu fisikoak. Bibitan aritzen dira gehienetan.
Oianguko klubekoek jokatu, eta klubaren gidaritza eraman ere bere gain dute. Orain, Goierri Kopa jokatzen ari dira eta aurreko larunbatean Euskal Herriko Pala Motzeko txapela jantzi zuten Olaberrian Oiangu klubeko Gari Arrietak eta Azeari Andonegik. Aurten, Olaberriako Elite Txapelketa errepikatzeko asmoa daukate.
«Palak ez dauka esku pilotak bezainbesteko oihartzuna baina munduan zabalduago dago». Latinoamerikako hainbat herrialdetan jokatzen dute nork bere erara moldatuta.
Gazte jendea atzetik ba ote datorren galdetuta, Arrietak Gipuzkoan gabezia handiena kirol honen sustapenean dagoela dio: «Bizkaian zein Nafarroan lanean ari dira eta hori da, hain zuzen, Gipuzkoak gaur-gaurkoz duen erronkarik handiena; orain artean, harrobia gutxiegi landu da, nahiz eta orain ari diren gazteen esparrua lantzeko ahaleginak egiten». Oiangu klubean, Gipuzkoan dagoen egoera zein den ikusita, 18 eta 22 urte arteko gazte bat baino gehiago ari da palan, Goierrin, horrenbestez, «harrobitxoa» egon badago.
Emakumea Pilotari egitasmoak andreak pilotara erakarri ditu
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 2004-2005 denboraldian Emakumea Pilotari egitasmoa jarri zuen martxan. Helburua andreek pilota munduan duten parte hartzea sustatzea zen. Orduz geroztik, hiru alorretan ari dira lanean: eskola kirolean, aisialdiko kirolean eta kirol federatuan. Denboraldi honetan 240-250 neskatila eta andre inguru ari dira pilotan jokatzen.
Nesken Paleta Eskolak antolatzen dituzte Gipuzkoako hainbat herritan, topaketak eta eskolarteko txapelketak ere egiten dituzte. Aisialdiaren esparruan, paleta ikastaroak eta Emakume Pilotari festa egiten dute. Kirol federatuan ezker hormako eta trinketeko txapelketak egin, eta teknifikazio saioak ere antolatzen dituzte, besteak beste. Egitasmoaren bitartez, pilotarekiko zaletasuna errotu eta garatu ahal dute egun emakumezko gipuzkoarrek.