
Beasaingo Ttiklik elkarguneak eta Ordiziako Psikolagun zentroak antolatu dute egun osoko jardunaldia. Beasaingo Igartza multzoko jauregian izan da, eta lau atal edo hitzaldi izan ditu, 11:00etan hasi eta 20:00ak arte. Seme-alabak maitasunez eta errespetuz hezten laguntzeko haziera kontzienteaz hitz egin du Miren Camisónek. Haziera Ekologikoan eta Prebentzio Psikosozialean espezialista da Camisón, eta heziketarekin eta hazierarekin lotutako beste esparru batzuetan ere aritzen da, adibidez masaje hezitzaileetan edo edoskitze monitore modura.
Nerabezaro garaiaz Beatriz Ezeiza eta Isabel Pozueta aritu ziren. Lehenak Psikolagun zentroko zuzendaria da eta nerabezaroaren oinarriaz, ulermenaz, inplikazioaz, inguruneaz eta garai horretan ematen diren aldaketez aritu zen. Pozueta sexologoa eta hezitzailea, berriz, nerabezaroko afektibotasun sexualaz.
Aitziber Aierdi psikologoak zailtasunei eta gatazken kudeaketari buruz hitz egin zuen Igartzan eta Psikolagun zentroak bere webgune berria ere aurkeztu zuen.