«Onena zer izango den ikertu eta kart baten xasisa fabrikatu dugu»
Aitor Lago lazkaotarrak 12 urterako garbi zuen automobilgintzaren alorrean lan egin nahi zuela. Aspalditik begiz jota zuen Kataluniako Monlau Competicion eskolako ...

Aitor Lago lazkaotarrak 12 urterako garbi zuen automobilgintzaren alorrean lan egin nahi zuela. Aspalditik begiz jota zuen Kataluniako Monlau Competicion eskolako Ingeniaritza Masterra egin ahal izateko bideratu ditu ikasketa guztiak. Hori dela eta, MUren Goierri campusean Ingeniaritza Tekniko Mekanikoko ikasketak egin zituen lehenengo; Arrasaten Ingeniaritza Industrialeko Masterra egin zuen jarraian. 24 urte ditu eta Monlau masterra bukatu berria du Lagok; Bartzelonan Seat enpresan hasi zen astelehenean lanean, karreratako autoak diseinatzen eta fabrikatzen. Ametsa bete du.
Noiztik datorkizu automobilgintzarako zaletasuna? 12 urterako garbi nuen automobilgintzari heldu nahi niola. 14-15 urterekin Epsilon Euskadin ibili nintzen ikastaro batzuk egiten, aste bukaeretan. Nire helburua beti izan zen Epsilon Euskadin masterra egitea, baina orain dela 3-4 urte desagertu egin zen eta beste zerbait bilatu beharra neukan. Zalantzan egon nintzen Ingalaterrara joan edo Monlau masterra egin Katalunian. Master hori egiteko ingeniaritza teknikoa eta ingeniaritza industrial masterra ikasi behar izan ditut. Azkenean Monlau aukeratu nuen eta oso pozik nago; zortea izan dut. Zer da Monlau Repsol Technical Schooleko master hori? Repsolek finantzatutako auomozio arloko master bat da. 30 ikaslerentzako lekua dago. Lau espediente onenei beka ematen die Repsolek; masterraren matrikularen erdia. Ni lau horietako bat izan naiz. 30 pertsona izan gara eta lanean 5 edo 6 bakarrik gaude. Beka lortzea garrantzitsua da, enpresa bat curriculumak eskatzera etortzen bada, besteen aldean gehiago nabarmenduta zaude eta. Titulua eskuratzeko proiektua egin behar izan duzue. Monlaun bi proiektu egiten dira: bat autoena eta bestea motorrena. Goierriko MUn ikasi duen Dani Domenech tolosarra motorren arloan aritu da. Autoen proiektuaren koordinatzailea izan naiz ni, beste ikasleek aukeratuta. Kart autoen xasisa diseinatzea izan da gure lana. Orain dela bi-hiru urte, bekak 1.000 eurokoak ziren baina gaur egun diru gehiago jartzen du Repsolek. Repsolek 5.000 euro jartzen ditu proiektuko. Gurea masterraren bosgarren edizioa izan da eta lehenengo aldia izan da motor oso bat eta kart oso bat muntatu direla. Repsolek dirua jarri duelako izan da posible. Iaz, 1.3 eskalan egin zituzten; elektrikoak. Aurten benetakoak egin ditugu. Motibazio berezia sortu du horrek. Egindako kart-ak lehiatu egiten duela jakitea motibazio gehigarri bat da. Azkeneko egunetan, dena eginda dagoenean, zirkuitu batera joan, probatu, beste marka batzuekin konparatu dugu. Esperientzia polita izan da. Zer ikertu duzue? Mundu honetan «alderantzizko ingeniaritza» delakoa erabiltzen da. Dauden markak duela 50 urte hasi ziren; bakoitzak badaki zer dabilen ondo eta zer gaizki. Xasis bat egiten dute, barra bat okertuta beste ez… Horrela egiten dute baina ez dakite zergatik. Guk kontrakoa egin behar izan dugu: onena zein izango den ikertu dugu eta gero fabrikatu. Mundu honetan esperientzia daukan jendeari aurkeztu diogu proiektua. Haientzat erabat berria izan da. Egin ditugun ikerketa batzuk, beraiek planteatu ere ez dituzte egin. Zuek pentsatzen jarri zarete, orduan. Ingeniaritzan ikasita guztia aplikatu dugu guk. Pentsatu, frogatu, aukera guztiak baloratu, guretzat onena izango dena aukeratu, ordenagailu bidez simulazioak egin… Gure ideiaren arabera eta ordenagailuak esaten duenaren arabera onena aukeratu, fabrikatu eta probatu egin dugu. Mundu honetan nahiko gauza berria da. Etxera, MUren Goierri campusera ere jo duzue ikerketan aurrera egiteko. Bai, Goierri campuseko irakasle ikertzaileak xasiserako eta trakzio ardatzerako materialen propietate mekanikoen karakterizazioaz arduratu dira. Materialari zein tratamendu termiko eman ikertu behar zen eta Goierriko campuseko laguntza izan dugu. Akordioa egin genuen. Nahiko gauza bereziak ondorioztatu ditugu. Guk uste genuen, material termiko jakin bat izango zela onena eta pentsatzen genuen kart-ak material horrekin eginda egongo zirela. Baina ikusi dugu, tuboaren arabera, tratamendu termiko desberdina behar duela.