Apiriletik urte amaiera arte antolatutako egitarauarekin, hamargarren urteurrena ospatuko du Ordiziako D'elikatuzek
Bisitak, ikastaroak eta gastronomiaren bueltako hainbat ekintza prestatu ditu Ordiziako D’elikatuzek urteurrena ospatzeko. Prentsaurrean eman dute guztiaren berri gaur eguerdian Ordizian.
70.000 bisitaritik gora jaso ditu orain arte D’elikatuzek. Goierrira eta Ordiziara datozen turistei harrera egin eta interesgune berezietara bideratzea da D’elikatuzen egitekoa. Ordiziako azoka oinarri hartuz, bertako produktuen balioa eta kontsumoa sustatzen ere egin dute lan. Ordizia eta Goierriko mugak gainditu ditu D’elikatuzek elikadura osasungarriaren eta bertako produktuen sustapenean.
D’elikatuzek hamar urte hauetan egindako lana goraipatu du Igor Eguren alkateak agerraldian. Bisitariei Ordizia eta bailara erakusteaz gain, gastronomia alorrean, azoka sustatuz, egindako lana nabarmendu du. Turismoak, Ordizia eta inguruak ezagutaraztearekin batera, ikuspegi ekonomikotik duen garrantzia ere aipatu zuen.
Eskualdean turismoak Barne Produktu Gordinean duen eragina %7,6koa da. “Euskadin eta Gipuzkoan baino altuagoa da Goierriko zifra. Ez da Goierrin gehien eragiten duen sektorea, baina garrantzitsua da”, zioen Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak.
Gipuzkoako Aldundiarekin nahiz Eusko Jaurlaritzarekin garatutako egitasmoak ere gogorarazi ditu Egurenek. Horren adibide dira D’elikatuz Bizi kanpaina, datorren astelehenean aurkeztuko dute Gipuzkoako Kirolarientzako Elikadurarako gida praktikoa, edo Nekazaritza Saila eta Hazi korporazioarekin elkarlanean bertako produktuen inguruan landutako argitalpenak, hitzaldiak nahiz elkarlan proiektuak.