San Jose eguna eta jai bezpera izanik, landare saltzaileek bereziki antzeman dute. Udaberri garaiko hainbat produktu ere ari dira pixkanaka agertzen postuetan; horien artean lehen ilarrak, kuiatxoak eta lekak ikusi ditugu.
San Jose bezperarekin tokatu da aurten neguko azken feria. Udaberriko zantzuak gero eta ugariagoak dira, bai gerora salgai izango diren barazkiei dagokionez eta baita landareei begira ere.
Aramako Miren Aiestaranek lehen ilarrak ekarri ditu: «Lincon motako ilar motza da, berotegian gutxi batzuk baziren ekartzeko moduan eta horiexek». Urteko barazkirik garestiena hauxe da, kiloko 12 euro leka eta guzti. «Denek ez dute alea hain ondo eginda oraindik» eta baliteke hasierako prezioaren arrazoia hori izatea, izan ere lehenengoak kiloko 14 euroan saldu izan dira, bihi jangarria 200-300 gramo dela kontuan hartuta.
Landareei dagokionean, oraindik ez postu guztietan baina Ibarrako Iguategi etxeko ama- alaben postuan lehen kuiatxo, leka, eta pipermin landareak ikusi ditugu; oraindik ere goiz den arren, berotegiak dituztenak landatzen hasiak dira. Loreeetan, aukera handitzen ari bada ere, atzo lehen surfiniak salgai ziren, 2,5 euroan bakoitza; oraindik itxarotea hobe.
Arbola landareei dagokionez, garaia aurrera doa eta oraindik ere halako lanik egiteko duenik balitz, erne ibili dadila, azken asteak baitira Juan Amezketa kalean zuhaitz landareak erosteko.
Martxoak 18, data berezia
Ordizian eta ferian marka nabarmenak utzi dituen data da martxoaren 18a. Duela 503 urte, iturri batzuen arabera martxoaren 12an, besteentzat 18an, Ordiziak sutea jasan zuen eta harresi barruko etxe guztiak erre egin ziren. Herria berritzeko lehen laguntza 1512. urteko Gipuzkoako Batzar Nagusitik etorri zen; hamar urtetako diru laguntza eman zuten hiria berreraikitzeko. Juana Erreginak hiribilduari asteazkenero feria frankoa egiteko eman zion pribilegioa izan zen urte hartako gertaerarik aipagarriena.
Bestalde 2005eko Martxoaren 18an ireki zituen D’elikatuz zentroak ateak, Udalaren babesean, eta besteak beste feria sustatzeko asmoarekin sortua. Hainbat ekimen egiten dihartu orduz geroztik. 1512ko data horren 500. urtemuga ospatzeko ekitaldi bereziak antolatu dituzte.