Larunbaterako Ernairen II.urteurreneko ospakizuna eta Independentzia Eguna antolatu dituzte
Ernai gazte antolakundea sortu zutela bi urte dira, eta hori ospatzeko urteurren eguna antolatu dute Beasainen. 2013ko martxoaren 2an Lizarran (Nafarroa) egindako batzarrean hasitako bidearen jarraipenaren isla izango da urteurren eguna, eta ospakizun modura mus txapelketa, poteoa, kale animazioa eta bertso afaria antolatu dituzte.
Kaleak apaintzen hasteko elkartuko dira gazteak, 11:00etan, eta bazkaldu ondoren hasiko da mus txapelketa. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du, eta 16:00etan hasiko da. Izena 15:30ean eman behar da, Arranon. Bikote irabazleak txapela eta txerrikumea jasoko ditu, bigarren sailkatzen den bikoteak gazta eta sagardoa eta hirugarrenak kamisetak.
Arratsaldeko poteoaren ondoren egingo dute bertso afaria, Arrano elkartean. Txartelak Arranon daude salgai (langileek 15 euro eta langabetuek 10 euro).
Beasaingo ekitaldiez gain, Ataunen Independentzia Eguna ospatuko du Ernaik. Aian elkartu eta herriko auzoak igarota San Martinen bazkalduko dute, bakoitzak bere janaria eramanda. Kaka jolasak egingo dituzte gero eta ondoren trikipoteoa.
Gazte Martxara autobusa
Ernaik antolatutako Gazte Martxaren bueltan antolatutako ekintzak dira Beasaingoak eta Ataungoak, apirilaren 3ra begira jarrita daudenak. Horiez gain, Goierritik martxara joateko autobuserako zerrendak eta Gazte Martxako bonoak salgai daudela jakinarazi dute: Beasainen Arranon, Seguran Elorripen, Ordizian Herrikoan eta Zumarragan Gaztelekuan.