Beasaingo hainbat gazte boluntarioren ekimenez sortu zen 1985ean Txilibutxof elkartea, Andra Mari parrokiaren babesean. Orduan Beasainen apaiz zegoen Iñaki Zabaleta izan zen bultzatzaileetako bat, «katekesiaren eta sendotzearen arteko hutsunea nolabait betetzeko asmoz».
Taldeak gora-behera ezberdinak izan ditu sorreratik gaur eguneraino, baina helburuari tinko eusten diote: «Metodologia aktibo bat eta aisialdiko ekintzen bidez, momentuan momentuko gazteei elkarbizitzarako zenbait balore transmititzea». Sorreratik gaur egunera 30 urteko ibilbide egin du Txilibutxofek, larunbat arratsaldetan elkartuz eta aldian behin «herriari zuzendutako ekintzak eginez: Erregeen Zamalkada, jaietako Dantzaokea, eskulan eta marrazki tailerrak, gurpil festa, jolasak…».
Ekintza horietako zein beste batzuetako argazkiak bildu eta erakusketa jarri dute Usurbe antzokiko aretoan. Txilibutxof 30 urte, ehundaka aurpegi, milaka bizipen izena eman diote, eta 250 argazki inguru bildu dituzte. Taldeko kideek –boluntarioek, begiraleek eta 12 eta 16 urte arteko gazteek– prestatu dituzte argazkiak, Xabier Garmendia taldeko kideak azaldu duenez: «Armairu batean gordetako argazkiak berreskuratu eta garbitu, txukundu eta eskaneatu egin ditugu. Denak batu eta aukeraketa egin behar izan dugu, erakusketan ikusten dena lagin txiki bat delako, artxibo txiki bat».
Argazkietan irteerak, udalekuak, elkarbizitza jardunaldiak, tailerrak eta bestelako jarduerak islatzen dituzten argazkiak jaso dituzte, eta igandera arte ikusi ahalko dira. Urri aldera, taldeko boluntarioek bazkari bat egingo dutela ere aurreratu du Garmendiak.