Urrutitik ikusten zaio pozik dagoela, ilusioz beteta. Eta ez da gutxiagorako. Iker Irribarria pilotariak (1996, Arama) profesionaletan debutatuko du igande honetan, Astelena Eibarko pilotalekuan.
Igandean debutatuko duzu Eibarren profesionaletan. Zer pasatzen zaizu burutik?
Izugarrizko poza dut. Hona iristen zarenean pentsatzen duzu orain arte egindako sakrifizioak balio izan duela. Nagoen lekura iristea ez da erraza izan, baina hau ez da amaiera, hasiera baizik. Egunean bertan, kamiseta urdina jantzi eta pilotalekura ateratzen naizenean ez dakit zer pasako zaidan burutik. Zirrara askoko eguna izango dela uste dut. Baina ni saiatuko naiz ahalik eta kontzentratuena egoten. Ez naiz oso mutil urduria, baina egunean bertan nahi gabe ere, ziur bakarrik etorriko direla nerbioak.
Hasiera batean ekainean debutatuko zenuela zirudien, baina azkenean aurreratu egin da data.
Hala esan zidaten, seguru aski ekainean igoko nintzela kategoriaz, baina ez zegoen konfirmatuta. Eta bat-batean, lau astean debutatuko nuela esateko deitu zidaten. Momentu horretan baietz esaten nuen, bi aldiz pentsatu gabe. Telefonoa eskegi ondoren ere, ezin nuen sinetsi, amets batean nengoen. Lasai arnasa hartu eta geroago hasi nintzen asimilatzen baietz, azkenean nire ametsa bete dela.
Zer espero duzu zure debutaz?
Egun berezia izango da, baina ez da hor bukatzen. Hor hasiko da nire karrera, nire bidea. Nire maila eman nahi dut, erakutsi zer egiteko gai naizen. Urteak daramatzat egun horrekin amesten, eta partidua amaitzean sentsazio onarekin gelditzea besterik ez dut eskatzen. Noski, irabaziko banu askoz ere hobeto, baina ez dago jakiterik partidua nola joango den.
Hemezortzi urterekin txikitatik izan duzun ametsa beteko duzu. Gero, zer?
Helburu handienetako bat beteta geldituko da, bai. Orain mundu honetaz, pilotak ematen didan guztiaz gozatzea gelditzen zait. Disfrutatzea. Gaur arte pilotak asko eman dit, asko gozatu dut, eta horrelaxe nahi dut segi.
Egia da beti nahi duzula hobea izan, baina horretarako lan handia egin behar da, eta ni prest nago. Baina beti ez dago zure esku. Norbaitek zugatik apustu egin behar du, aukera eman behar dizu mailaz igotzeko, azkenean, kontratatu egin behar zaitu. Ni oso pozik nago aukera hori eman didalako Aspe taldeak.
Egoera berri honen aurrean sentitzen al duzu beldurrik?
Beldurra, beldurra bere horretan ez. Errespetu handia sentitzen dut, noski. Sentimenduak nahastu egiten zaizkit, eta buruari behar baino buelta gehiago ematen dizkiot askotan. «Balioko ote dut?», «besteen mailan egongo naiz?», eta horrelako galdera ugari pasa zaizkit burutik. Luzea egin zait itxaronaldia, baina tira, ez da ezer geratzen, eta merezi izan du.
Noiz hasi zinen pilotan?
Aspaldi, ia gogoratu ere ez naiz egiten noiz hasi nintzen. Betitik jolastu izan dut pilotan. Hiru bat urterekin edo, aitari esaten nion pilotalekura joan nahi nuela, pilota gustuko nuela. Ordutik, inoiz ez diot pilotan jokatzeari utzi, lesio baten ondorioz izan ezik.
Zein lesio izan zen?
2013. urtean eskutik operatu ninduten. Fibrosia diagnostikatu zidaten ezkerreko eskuan, eta zirkulazio falta ere banuen. Goizetan esnatzen nintzenean askotan ez nituen behatzak ondo sentitzen, hotzak izaten nituen.
Tratamendu batekin hasi nintzen hasieran, baina ez zuen funtzionatu, eta azkenean operatu egin ninduten. Operatu ondorengo hilabeteak gogorrak izan ziren. Bi-hiru hilabetean geldirik egon nintzen. Gero, poliki-poliki hasi nintzen pilotan, eta hasiera batean ondo sentitzen nintzen arren, gutxira berriz ere mina sentitzen hasi nintzen. Momentu horretan gauza asko pasa zitzaizkidan burutik, pentsatzen nuen agian ez niola bueltarik emango, amaiera izango zela…baina halako batean masajeekin hasi nintzen, eta asmatu egin zidaten. Ordutik ez dut arazorik izan.
Pilotan ez ezik, saskibaloian ere ibili izan zara. Euskadiko Selekzioarekin jokatzera iritsi zinen.
Bai, Euskadiko Selekzioarekin jokatzera ailegatu nintzen. Garai haietan pilota eta saskibaloia biak nituen gustuko. Baina momentu batean saskibaloiaren eta pilotaren artean aukeratu behar nuen: bihotzak aukeratu zuen.
Orain arte zure idoloak izan diren horien aurka lehiatzeko prest zaude?
Arraroa izango da, ez dut ukatuko. Baina prest nago dudan guztia emateko. Telebistan ikusi ditudan horien aurka jokatuko dut, betidanik miretsi ditudan pilotarien aurka. Agian, Juan Martinez de Irujo eta Aimar Olaizolaren aurka jokatzea tokatuko zait.
Biak pilotaren errege, baina zu Irujoren alde.
Bai, ni Irujo zalea izan naiz. Baina pentsa bere aurka jokatzea tokatzen zaidala. Orain idoloak alde batera utzi behar dira, eta nik nigatik borrokatzeko unea da. Hemen beraiek dira pilotako erregeak, ni hasiberria besterik ez naiz. Oraindik ikasten ari naizela esan daiteke, eta horrek, alde batetik, presioa kentzen dit. Bestetik, ordea, motibazio handia ematen dit nire idoloen kontra jokatzeko aukera izateak.
Ezkerra izanik, zer moduz moldatzen zara eskuinarekin?
Tira, ari naiz hobetzen. Entrenamendu asko egin ditut eskuinarekin teknika eta kolpea hobetzeko, baina orain ez dut entrenamendu espezifikorik egiten eskuina hobetzeko, ondo moldatzen naiz.
Pilotan jokatzeaz gain, ingeniaritza ikasketak egiten zabiltza. Biak egiteko denbora baduzu?
Ingeniaritza mekanikoa ikasten nabil Goierrin. Denok dakigu ingeniaritza bat ez dela edonolako karrera, ordu asko eskaini behar dizkiozu, eta zaila da. Badakit ez dudala dena lehenengoan gaindituko, kontzientea naiz. Argi dut, ez ditut ikasketak utziko. Ez dakit hemendik hamar urtera non egongo naizen, zertan. Agian pilotan jarraituko dut, baina nork daki. Niri pilotatik bizitzea gustatuko litzaidake, baina ikasketek ere garrantzia handia dutela badakit.