Sei orduz, 60 kilometro egingo ditu Korrikak Goierriko bideetan
Euskararen alde «ahalduntzeko» gonbita egingo du Korrika 19k. Guztira, 2.161 km egingo ditu Euskal Herrian barrena. Legorretatik Legazpira, gauez zeharkatuko du GoierriAbian dabil Korrika. Atzo arratsaldean abiatu zen Urepeletik euskararen aldeko las...
Euskararen alde «ahalduntzeko» gonbita egingo du Korrika 19k. Guztira, 2.161 km egingo ditu Euskal Herrian barrena. Legorretatik Legazpira, gauez zeharkatuko du Goierri
Abian dabil Korrika. Atzo arratsaldean abiatu zen Urepeletik euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Umeentzako ikuskizunak, tailerrak, kale animazioa, bazkari herrikoia, kantariak… egun osoko festa izan zen Urepelekoa. Euskal Herritik iritsitako milaka euskaltzalek egin zuten topo Xalbadorren herrian, Goierritik ere dozenaka herritar joan ziren bertara, jai egunak aprobetxatuz, euskararen aldeko festarekin bat egitera.Eskuz esku 2.161 kilometro egingo ditu lekukoak euskararen alde «ahalduntzeko» deia eginez zazpi herrialdeetan barrena. Tipi-tapa tipi-tapa, martxoaren 29an Bilbora iritsiko den arte.
Etzi gauean, igandetik astelehenera, zeharkatuko du Goierri, Legorretatik Legazpiraino Korrikak. 60 kilometroko ibilbidea izango da eta sei ordutan berrehun bat elkarte, eragile nahiz erakundetako ordezkariek hartuko dute lekukoa. Gauez pasako da Korrika, baina jendea izango da Goierriko errepideetan.
Gauerdia baino lehen iritsiko da Legorretara, 23:44an Ikaztegietatik datorren errepidetik. Herriz herri, Legazpitik Oñatira bidean utziko du atzean Goierri goizaldeko seiak aldean.
Betiko izateko sortu ez bazen ere, 19. edizioa izango du Korrikak. Euskahaldun leloa du goiburu aurten, euskararen eta euskalgintzaren egoeraz ahalduntzeko gonbita egingo du. Korrika 19k ahalmen metaketa izan nahi du, bide berrien abiapuntu. «Bakoitzaren eta guztion nahiak eta ahalak, auzolanak eta elkarlanak eragingo baitu Euskal Herria, euskararen herria izatea».