Kopilotuen lanak ez du pilotuenak bezainbesteko aitortza, baina ezinbestekoa da. Jon Lonbidek (Legazpi, 1987) kopilotuen jardunari buruz hitz egin du.
Noiztik gustatzen zaizkizu auto lasterketak?
Umetatik. 1999an Gabiriako rallysprinta antolatu zuten lehenengoz eta asko gustatu zitzaidan.
Nolatan hasi zinen kopilotu?
Kuadrillako batek, Maikel Iriartek, autoa erosi zuen eta berarekin hasi nintzen. Beti kopilotu aritu naiz.
Ez al duzu sekula pilotu aritzeko gogorik izan?
Auto zaletasuna dut, baina sekula ez dut neure burua pilotu lanean ikusi.
Zergatik?
Nahiz eta mundu hau gustatzen zaidan, ez dut uste pilotu ona izango nintzenik. Gainera, pilotu izatea garestia da. Kopilotuak, berriz, kaskoa eta arropa bakarrik ordaintzen ditu. Bestalde, dagoeneko kopilotu bezala ezagutzen naute eta pilotuek eurekin aritzeko deitzen didate.
Norekin aritu zara?
Esan bezala, Maikel Iriarterekin hasi nintzen. 2009tik 2012ra berarekin aritu nintzen. 2013an Xiker Aiertza urretxuarrarekin hasi nintzen. Berarekin aritzen naiz, baina iaz Errioxako rally batera Xabier Alustizarekin joan nintzen.
Zaila al da kopilotuaren lana?
Praktikatuz ikasten da. Hutsetik hasi nintzen eta gainontzeko kopilotuek aholku asko eman zizkidaten. Kontzentrazioa, segurtasuna, konfiantza eta ilusioa behar dira. Beldurrik ez edukitzea oso garrantzitsua da, beldurra pilotuari ez kutsatzeko.
Ez al duzu sekula beldurrik sentitu?
Hasieran inpresio pixka bat ematen du. Tentsioa handia da, huts batek istripua ekar baitezake.
Pilotuaren eta kopilotuaren arteko harremana oso estua izan beharko da.
Batak bestearengan erabateko konfiantza eduki behar du. Gainera, pilotu bakoitzak gidatzeko eta oharrak hartzeko modu bat du. Oso ondo jakin behar da bakoitzari bihurguneen berri noiz eta nola eman.
Zein da kopilotuaren lana?
Ibilbidea ikuskatzera joaten garenean, pilotuak bihurguneen berri ematen dit. Nik oharrak hartzen ditut, ondoren irakurri egiten dizkiot eta, azkenik, berak zuzenketak egiten ditu.