Goierrin ehunka lagunek eman diote euskarari bultzada Korrikan parte hartuta
Gauez, euripean nahiz elur malutekin, baina umorez eta korrika. Horrela erantzun diote ehunka goierritarrek Korrika 19-k ‘euskahaldunei’ egindako deiari. Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak 60 kilometro egin ditu Goierrin, eta dozenaka herritarrek, elkartek eta eragilek parte hartu dute. Bart gaueko 23:45 aldera sartu da Legorretatik eta goizeko 6:00ak aldera utzi du eskualdea, Legazpi pasata, Udanako portutik barrena.