Pili Eskisabel ataundarrak irabazi du ipuin kontalarien lehiaketa
Ostieralean eman zioten amaiera Ordizian Ahoz Aho 2015 jaialdiari ekitaldi nagusiarekin. Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdian, aurreikuspenik onenak gaindituta, aretoa leporaino bete zen. Goi mailako artistak taula gainean, euskal kontalari ugari tartean, kultura eta estilo nahasketa izan zen, une magikoz betea.
Bertan egin zen Kontatu Gurekin ipuin kontalarien III. lehiaketako finala ere. Hiru finalista sailkatu ziren aurreko kanporaketan eta irabazlea aukeratu zuten oraingoan. Epaimahaiaren eta entzuleen epaiari esker Pili Eskisabel ataundarrak eraman zuen kalabaza, erabat harrapatu zituen entzuleak bere kontakizunean. Imanol Arabaolaza tolosarra izan zen bigarren eta Ekaitz Goikoetxea beasaindarra, hirugarren.