2011n egindako neurketaren arabera Ordizian %38,6koa da euskararen kale erabilera; "irauli" beharreko zifra Ordiziako Udalaren ustez.
2014-2018 epealdirako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztu berri du Ordiziako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eztabaida prozesu baten ondorioz adostutako eredua da. Abenduko udalbatzan alderdi guztiek oniritzia eman ondoren, gaur egin dute udal ordezkari politiko eta teknikariek aurkezpena prentsaurrean. Bertan bildu dira Igor Eguren alkatea eta Imanol Iturriotz zinegotzia; Aitzol Azpiroz eta Izaskun Zubitur teknikariak; eta Joxe Mari Barandiaran Hitzaroko kidea.
Amaitzear den legegintzaldi hasieratik euskara udal gobernuaren zeharlerroetako bat izan dela ziurtatu du Igor Eguren alkateak. “Hasieratik argi izan dugu gure hizkuntza euskara dela”, zioen, eta zentzu horretan egin dutela lan zioen. Edonola ere, oraindik “egiteko asko” dagoela ohartuta, hiru erronka nagusi finkatu dituzte plan berriarekin: Ordizian euskaraz bizi ahal izatea; harremanetarako hizkuntza euskara izatea esparru guztietan; eta hizkuntza eskubideak oztopo guztien gainetik bermatuak izatea.
Plana herritarrekin batera sortu dutela nabarmendu du Aitzol Azpiroz euskara teknikariak eta “herriaren beharrei” erantzuteko dela zioen. Moldagarria izango da plana, aldaketak egin ahal izango zaizkiolako, eta herritar guztiei zuzendua dago. Planarekin logo eta lelo berria ere sortu dute:
Arian-arian euskara abian. “Martxan gaudela” erakusten du lelo berriak eta altxatzen ari den
e hizkiak, gerorako asmoa erakusten duena.
Udal erabilera datuak
Udal barruko euskara erabilera planak ekarri dituen emaitzak azaldu ditu alkateak. “Irizpide berriak ezarri dira, eta bai udal gobernuak eta baita langileek ere konpromezua hartu dute erabilera areagotzeko”, zioen Egurenek. Hala, udala eta euskararen erabileraren inguruko datuak eman ditu. 2011 eta 2014 urteen artean udal administrazioan sortu den euskara hutsezko dokumentu kopurua ia bikoiztu egin da, %25,44tik %48,49ra. Era berean, elebitan sortutako dokumentu kopurua %58,60tik %42,59ra jaitsi da, eta gazteleraz sortutakoak %15,96tik, %5,19ra. Euskara Zerbitzuak 2011n testuen %83 gazteleratik euskarara itzuli bazituen, orain herena da. Euskarazko testuen zuzenketa lanak, berriz, %10etik %51ra igo dira.