
“Gai honekin benetan zer gertatu zen argitzeko”, hainbat informazio egin du publiko. Bista Alaiko kasuan “nobedade handirik” ez dagoela eta “zailtasunekin bada ere” gaiak “bere norabidea” jarraitzen duela azaldu du. PNVk egindako azken adierazpenen harira, ordea, bere “bertsioa” eman nahi izan du beste behin gobernu taldeak.
Hala, 2008ko martxoaren 17ko eta uztailaren 24ko txosten banatan jasotzen denez, “aprobetxamenduaren ordainketa Bista Alai eremuan egindako etxebizitza gehigarriengatik dela, hau da, promotoreak duen irabazien gaineko ordainketa” dela esan du Beasaingo Udaleko Gobernu Taldeak. Horrez gain, eta gaineratu duenez, «herritarrak birkokatu zireneko etxebizitzek ez zuten euro bakar bat ere ordaindu kontzeptu horrengatik». Hori jakinarazita, gaur egun Beasaingo Udal Gobernu Taldea osatzen dutenentzat «ekintza hau PNVk promotore bati egindako oparia da». Patxi Plazaola alkate ohiak txosten horiek ezagutzen zituela gaineratu du, baina hala ere, esan dute “udalak 230.000 euro inguru gutxiago jaso” zituela “aprobetxamendu kontzeptuagatik.
Aipatutakoa argitzeaz gain, beste hiru puntu argitu nahi izan ditu gobernu taldeak:
- “Fiskaltzak ez du inongo momentutan esaten orduko udalak, Patxi Plazaola buru zuela, modu zuzenean jardun zuenik, baizik eta ez duela Plazaolaren jokaeran deliturik antzematen, eta horiek oso gauza ezberdinak dira. Hor dago txostena konprobatu nahi duenarentzat”.
- “Udal gobernuak eskatutako txosten juridikoak 18.150 euroko kostua zuen eta udaletik kanpo egin behar izan zen udalak ez duelako baliabiderik horrelako txostenik egiteko. Arrazoi horregatik ere, ezin izan da zigor espedientea ohiko epeetan tramitatu. Ontzat ematen dugun gastua da, erabat proportzionala, are gehiago falta diren eta berreskuratu nahi ditugun 230.000 euroekin konparatzen badugu”.
- “Zigor espedientea, ezin da kanpo baliabideen bitartez tramitatu, baizik eta udaleko funtzionario batek instruitu behar du. PNVk badaki hori, edo jakin beharko luke”.
Udal gobernu taldeak “lasaitasuna” eskatu dio EAJri: “Ulertzen dugu bere urduritasuna euskal geografian zehar bere kudeaketa txarra, iluna eta ustelkeria susmoak eta salakatek pilatzen ari direnean. Gauzak argitu nahi izateagatik eta interes publikoa defendatzeagatik
matonismo politikoa egiteaz salatzen gaituzte. Ez dugu esanahia ezagutzen”, azaldu dute. “Dakiguna da PNVk gobernatzen duenean, lurra desagertzen delako edo dirua agertzen ez delako, irabaziak beti gutxi batzuen poltsikora joan ohi direla”, gehitu dute.
Horrez gain, herrritarrei barkamena eskatu diete Beasaingo Udal Gobernu Taldea osatzen dutenek, “gai honi horrenbeste buelta emateagatik eta beste gai batzuk hizpide ez izateagatik”.