Bertako produktuak oinarri hartuta, hilabete barru martxan izango da Oianguko jatetxea
Ordiziako Udalaren eta Basque Culinary Centerren arteko elkarlanetik sortu den egitasmoa da; gaur aurkeztu dute
Urte eta erdi inguruko elkarlanaren ondoren, gaur goizean eman ditu Ordiziako Udalak Oianguren baserrian Basque Culinary Centerrekin elkarlanean irekiko duten jatetxearen gaineko xehetasunak. Asteazkenarekin, Ordiziako azokan bildu dira udaleko eta gastronomia fakultateko ordezkariak, Oianguko jatetxea kudeatuko duten ikasleekin batera. Erosketak egin dituzten azokan, D’elikatuzen lehen sukaldaritza erakustaldia egiteko.
Hezkuntza, ekonomia, ekologia, turismoa, gastronomia… hainbat alor jasotzen dituen egitasmoa da Ordiziako Udalak Oiangurako prestatu duena. Oianguren baserria berreskuratzea “aspaldiko nahia” dela azaldu du Igor Eguren alkateak eta herritarrek erabat aldatuta aurkituko dutela ere aurreratu du. Datozen asteetan, hilabeteren bueltan, jatetxea irekita izatea aurreikusten dute.
Basque Culinary Centerreko bost ikaslek kudeatuko dute jatetxea, kooperatiba bat sortu dute horretarako. BCCren hezkuntza ereduari erantzuna ematen dion ikuspegia da, gastronomiaren gaineko ikuspegi zabala jasotzeaz gain, praktikan ikasle trebatuak direlako. “Hau ez da esperimentu bat, proiektu serioa da; bezeroak daude eta eskaintza ona egingo da”, ziurtatu du Jose Mari Aizega zuzendariak. Igor Egurenek, bestalde, herritar guztientzako zerbitzua izango dela nabarmendu du, “edonorentzako moduko jatetxea izango da, eta ez eskusibloa”.
Turismoari begira bisitarientzat eskaintza “interesgarria” izango dela zioen Leire Arandia D’elikatuzeko kideak. Era berean, garrantzia eman dio bertako ekonomian izango duen eraginari. Izan ere, jatetxerako lehengaiak bertakoak izango dira. Ordiziako azoka izango da hornitzaile, baita bailarako ekoizleak ere.
Goierriko sukaldari eta jatetxeen arteko elkarlana sustatzeko nahia dutela ere azaldu du Aizegak, “eskualdeko gastronomia hobetzeko ahaleginean”.
Iñaki Telleria BCCko ikasleak hartu du hitza eta “proiektua martxan jartzeko gogoz” agertu da. Eskerrak eman dizkio Ordiziako Udalari emandako laguntzagatik. Jatetxeak eskainiko duena ere laburbildu du: “Nola egingo dugun? Sustraidun gastronomia izango da, pixkabat aldatuta eta denontzako”.













