Herriko dendek, enpresek eta ostalariek dituzten kezkak eta arazoak jasotzen ari da horretarako
EAJrentzat “ezinbestekoa” da Beasaingo garapen ekonomikoaren oinarriak finkatzea, “udalerriaren eta bertako biztanleen etorkizuna ziurtatzeko eta, bereziki, gazteek beren bizi proiektua Beasainen bertan garatu ahal izateko”. Horregatik, jeltzaleen udal hauteskunde programaren ardatz nagusia “tokiko ekonoma eta enplegua sustatzea izango da artdatz nagusia”. Proposamen honekin “etorkizuneko proiektu sendo bat, helburu, proposamen eta ideia berriekin” garatuko duela aurreratu du, “Beasainek beste garai batean izandako indarra berreskuratzeko, gobernu-taldearen geldotasunaren eta Bilduk eragin duen geldialdiaren ondorioz galdu duen indarra berreskuratzeko”.
Hala, “egungo egoera aztertzeko eta Beasaingo enpresek, dendek eta ostalariek dituzten benetako beharrei erantzungo dien eredu ekonomiko bat osatzeko” herriko eragile ekonomikoekin bilerak egiten ari da Aitor Aldasoro eta berak zuzentzen duen taldea. Herriko enpresa ezberdinetako arduradunekin bildu da dagoeneko, tartean, CAF, Estanda, GH, TM Txindoki edo Indar. Azkenekoz, Hine enpresan izan da, aste honetan, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko jeltzaleen hautagaiarekin eta Leire Artola alderdikidearekin batera.
Suspertze ekonomikorako proiektua
Aldasorok azaldu duenez, “Beasaini suspertze ekonomikorako proiektu garbi bat eskaintzeko, entzun eta jardun egin behar da”, eta helburu horren barruan kokatu du enpresetara egiten ari diren bisitak: “Ezin da ahaztu gure enpresek eta dendek duten garrantzia, bai gizartean betetzen duten funtzioaren ikuspegitik eta bai sortzen duten aberastasunaren eta udalerriari ematen dioten bizitzaren ikuspegitik”.
Marko honen barruan, Beasainek “aldaketa” behar duela nabarmendu du EAJren alkatetzarako hautagaiak: “Udalerriaren suspertze ekonomikoaren alde lan egingo duen gobernu bat behar du, enpresak eta dendak lagunduko dituena; azken finean, Beasain indartzeko eta hobetzeko apustua eta lana egingo duen gobernu bat behar dugu, ez Beasainek aurrera egitea eragotziko duena, EH Bilduk egin duen moduan”.