Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Ondarea bertatik bertara’ programaren bigarren ekitaldia asteburu honetan burutuko da, iaz estreinaldia egin ondoren. Herrialde osoko hamar herritan, 21 bisita-proposamen egin ditu aldundiak. Ondare kulturala, etnografikoa eta arkitektonikoa ikusteko modu aparta izango da, ohiko eskaintzatik kanpo dauden tokiak erakutsiko baitituzte.
Goierriri dagokionez, lau herritan antolatu dituzte bisita gidatuak: Ataunen, Lazkaon, Legazpin eta Ormaiztegin.
- Barandiaran Museoa (Ataun)
Ataungo San Gregorio auzoan dago. Urte osoan ikusgai dago, baina oraingoan ukitu berezia emango diote bisitari: Joxe Migel Barandiranek bere jaioterriarekin zuen lotura sakonduko dute. Igandean (martxoak 29) da bisita, 11:30etik 12:30era. Museoaz gain, Larruntzako multzo hidraulikoko errota eta zerrategia ere martxan jarriko dituzte.

Barandiaran Museoa (Ataun)./Aimar Maiz
- Beneditarren Artxibo Historikoa (Lazkao)
Juan Joxe Agirrek hasi zuen bilduma eta dokumentazioa eraikin modernoan daukate, gaur egun. Osatzen ari dira, Beneditarren Fundazioaren bidez. Zer funtzio betetzen duten eta nola lan egiten duten azalduko dute. Eraikina eta bertako agiriak, kartelak, eranskailuak… erakutsiko dituzte. Bisitak larunbatean (martxoak 28) 10:30ean eta 12:30ean dira.

Beneditarren artxibo historikoa (Lazkao)./Aimar Maiz
- Igaralde errota (Legazpi)
Legazpiko errota zaharrenetakoa da, eta gaur egun funtzionamenduan dagoen bakarra. Igaralderen lehen aipamena 1515ekoa da. Errota martxan jarriko dute. Bisitak larunbatean 16:30ean eta igandean 16:00etan dira.

Igaralde errota (Legazpi)./Guregipuzkoa
- Arandi eta Berroeta baserriak (Ormaiztegi)
XVI. mendeko bi baserritara txangoa egin ahalko da, Aranzadi zientzia elkarteko Josu Tellabideren gidaritzapean. Arandi, Tomas Zumalakarregiren jaiotetxea da. Berroeta, berriz, dolare-baserria. Bisita larunbatean da, 10:00etan Zumalakarregi Museotik irtenda.

Arandi baserria (Ormaiztegi)./Zumalakarregi Museoa