Profesionaletara iritsi berria da Jon Ander Intsausti (Mutiloa, 1992). Sei urteko esperientzia gazi-gozoa dauka dagoeneko Garikoitz Bravok (Lazkao, 1989). Biek Murias talde berrian topo egin dute. Kontinental mailan dabiltza, txirrindularitzaren ‘hirugarren mailan’. Ilusioz ekin diote proiektuari. Intsausti bigarren izan zen igandean, Cholet-Pays de Loire klasikoan (Frantzia). Elkarrizketa aurretik egina da.
Murias taleko bi goierritarrak zarete. Zer moduz hasi zarete?
Jon Ander Intsausti: Ni oso gustura, batez ere egutegiarekin. Karrera asko edukitzen ari gara, eta taldeak bilatzeko gogoa dauka. Gure kategorian zaila da karrera asko izatea, eta horregatik oso gustura. Taldearen jarrerarekin ere ezin hobeto.
Gari Bravo: Momentuz, oso gustura. Aukera polita izan da. Mundu honetan jarraitzeko nire azkeneko itxaropena zen. Seigarren urtea dut, eta azken biak nahiko eskasak pasatu ditut. Muriasen, Jon Odriozola zuzendariak aukera eman zidan.
Zer nolako taldea eraiki dute?
G.B.: Talde txikia da, baina gauzak ondo egiten ari dira. Egutegia ere bikaina daukagu; garrantzitsuena hori da. Ekipoa sortu bai, baina karrerak behar dituzu gero, eta taldean gauzak ondo egin: material polita lortu dute, masaje-emaile eta laguntzaileekin ondo egituratu da…
J.A.I.: Taldea berandu atera zen, eta ahalegin handia egiten ari dira. Hasierak zailak dira, baina taldea oso ondo ari da lanean. Orain autokarabana bat daukagu, oso erosoa. Eta furgoneta bat. Taldean dauzkagun txirrindularientzako nahi dugun dena daukagu.
Kontinental mailako talde bat nola ibiltzen da gaur egun?
G. B.: Autokarabana ekarri arte furgonetan egin ditugu bidaiak. Ezer berorik hartzeko ere ez zegoen, karrera bukatutakoan. Hegazkinean bidaiatzea Euskaltelen ezagutu nuen, eta justu-justu. Hemen daudenek meritu handia daukate. Berandu sortu zen, eta gutxinaka gauza politak egiten ari dira.
Jon Ander, zu aurten igo zara profesionaletara. Espero zenuena aurkitu al duzu?
J.A.I.: Esperotakoa, sekula ez. Uste baino gogorragoa da. Telebistatik gauzak oso erraz ikusten dira. Amateurretan iruditzen zaizu badaukazula maila, baina jauzi egindakoan ikusten da benetan zer zailtasun dauden profesionalismoan.
Gari, zuk Kontinental maila ezagutu zenuen iaz, Portugalgo Efapel taldean. Zer aldatu zaizu handik Muriasera?
G.B.: Batez ere tratua, erabat desberdina da. Portugalen tratu oso itxia eta oso hotza eman zidaten. Orain, gehien nabaritzen dudana egutegia da. Iaz karrera falta izan nuen. Urte guztian 25 egunetan bakarrik korritu nuen, eta ekainerako jada lasterketarik gabe nengoen. Ekainetik otsailera lehiatu gabe egotea latza da.
Aurtengo denboraldirako zer aurreikuspen duzue?
G.B.: Odriozolak esaten digunez, gutxien korrituko dutenek ere 40-45 eguneko egutegia izango dute. Guk 50-55 egunekoa igual izango dugu. Indartsua da, egia esan, Kontinental Profesionalek daukaten berdina ia. Data hauetan 15 lasterketa-egun gainean izatea eskertzekoa da.
J.A.I.: Mallorkan hasi ginen Gari eta biok. Lau egunak egin genituen. Gero, Murtzia eta Almeria klasikoak; nik Murtzia ez nuen egin. Handik zuzenean Algarvera joan ginen, bost egun. Karrera hori lortzea taldearentzat izugarrizkoa izan da, taldea atzerritarra izanda eta maila altuko itzuli bat izanda. Hura bukatutakoan bi egun gehiago korritu genuen Portugalen, eta aurreko asteburuan nik Frantzian Paris-Troyes egin nuen.
Eta aurrera begira?
J.A.I.: Asteburuan [aurrekoa] bi klasiko Frantzian, maila altukoak eta onekoak, zure burua erakustea zaila den horietakoak. Eta handik Alentejora joango gara, bost egun [asteazkenetik igandera]. Ondoren ia etxeko bi-hiru aste giltzarriak datoz: Indurain Klasikoa Lizarran, Errioxa, Zornotza… Taldea ere Zornotzakoa da, eta horiek dira garrantzitsuenak.
Euskal Herriko Itzulian ezin duzue, kategoria kontuagatik.
J.A.I.: Ez, guk ezin dugu korritu. Kontinental Profesional taldeek bai, gonbidapenarekin.
G.B.: Odriozola saiatu zen, baina hasieratik oso zaila zen.
Muriasek maila hori lortuko duen, eta noiz, esateko garaizegi da oraindik?
J.A.I.: Ez dakigu oraindik. Taldea atera berria da. Dirua da dena. Taldea segitzeko gogoarekin dago, baina hori euren esku dago. Guk ahal duguna egingo dugu, eta gero ikusiko da.
Taldeko beteranoetako bat zara, Gari. Gazteei erakustea al da zure lanetako bat?
G.B.: Berez bai. Baina gazte hauek geroz eta hobeto pasatzen dira gora, geroz eta klase handiagoarekin. Niri puntua hartzea falta zait, oraindik ahul nago, korritu gabe denbora asko pasatu da eta ez dut erritmoa hartzen.
Jon Ander, garapen pertsonalerako aukerarik ikusten duzu?
J.A.I.: Bai. Aukerak denok ditugu. Taldean ez daukagu ziur irabaziko duen bat, esaten dena. Orduan, beti daukagu aukera bakoitzak berea egiteko. Lehenengo beti taldean pentsatuta, baina denok luzimendurako aukera izango dugu.
Taldeko zuzendaritzak lortu beharreko mugarik jarri al dizue?
G.B.: Lasterketa guztietan ondo egin beharra daukagu. Ahal badugu aurrean ibili, eta bestela nabarmendu: bigarren klaseko sarietan sartu, erasoetan sartu, ekipoa erakutsi telebistan eta medioetan… Azkenean, karrera guztiak aukerak dira, eta baliatu beharra daude.
Iritsi berriaren gogoa gainezka izango duzu, Jon Ander.
J.A.I.: Gogoa bai, baina berehala joaten da ikusten duzunean karreran segitu ezinean zabiltzala [barrez]. Guztiz desberdina da profesionaletan. Indarra kontatuta dagoela ikusi dut. Gastatzen baldin baduzu, alferrik gastatuko duzu. Ez duzu bukaeran izango. Asko pentsatu behar da, burua eta odola hotz eduki, karrera ondo planteatu.
Zerekin egiten duzue amets?
G.B.: Lehenagoko sentsazioak berreskuratzearekin. Aspaldian ez dauzkat sentsazio onak. Odriozolak ilusioa behintzat berreskuratu dit, lehen neukan berdina. Korredore sentitzen naiz atzera. Orain erritmoa hartzea falta zait.
J.A.I.: Niri klasiko bat irabaztea gustatuko litzaidake. Flandriakoa edo horrela… Baina hori ametsa da. Klasikoak Frantzian nola korritzen diren gustatu zait. Itzuliak baino gehiago gustatu zaizkit. Gustura ibili naiz, nire saltsan.