Udaberria iristerako, ihartu egin da Gernikako Arbola zaharra. Juntetxean zegoen haritz sinbolikoa. 28 urte besterik ez zuen, eta 2005ean landatu zuten leku ofizialean. Haren senide bat aldatu zuten otsailean, 2000. urtean sortutakoa.
Daukan esanahiagatik, Euskal Herriaren luze-zabalean —eta atzerrian— asko dira Gernikako Arbolaren ondorengoak. Goierrin ere bai. Urretxun lau haritz dituzte, udalak ekarriak. Baimen berezia eskatu behar da, gaur egun; Bizkaiko aldundiko teknikariek aldatzen dute, gainera, onartutako tokian.
Hainbesteko protokolorik gabe, eta arrisku batzuk hartuta, eskuratu zituen Joxepa Galparsoro Legorburu ormaiztegiarrak Gernikako Arbolaren ezkurrak, duela denbora asko.
Frankismoan, harrapatu
Isilka eta ezkutuka hartu zituen Galparsorok arbola bedeinkatuaren fruituak. Frankismo bete-betea zen, eta euskaltasunaren ikurra itzalean zeukaten. «Gernikara joan ginen, andre-gizonak biok. Handik ezkurrak hartzen ez zuten uzten», gogoratu du Galparsorok, 94 urte beteak dituela.
Senarra, Pako Baztarrika, gudari ibilia zen 1936ko gerran. Makurrak ikusitakoa eta bizitakoa, abertzale izateagatik. Gernikako Arbolaren kimu bat etxean izan nahi zuten. «Tartean ezkur bat harrapatu nuen, beste tarte batean beste bat… Azkenean, bost ekarri nituen, eta etxe aurrean aldatu».
Ezkurrak erne ziren, eta itsatsi ziren Ormaiztegiko Mendizabalgo lurrera. Landare batzuek ez zuten zorterik izan, ordea. «Ama zena ingurua garbitzen ari zen batean, eta zer ziren jakin gabe, landarea ia azkenetan zeukala harrapatu nuen». Salbatu zen, eta gaur egun zuhaitz lerdena eta sendoa da. Haren kimu asko ere zabaldu dira, sendian eta inguruan.
Joxe Mari Iparragirre koblakari ospetsuak egin zuen oraindik sonatuago Gernikako Arbola, ereserkiarekin. 1853an kantatu zuen, estreinako aldiz, Madrilen. Urretxun jaioa 1820an, Gabiriako Txapartegi baserrian —amaren jaiotetxea— igaro zituen azkeneko urteak bardoak, pneumonia batek jota 1881ean hil zen arte.
Hain zuzen, Txapartegitik metro gutxira dagoen Altolagirre Azpikoa baserrian jaioa da Joxepa Galparsoro, 1921ean. Hamar urterekin Ormaiztegiko Mendizabal baserrira joan zen familia osoa bizi izatera.
Bizilagun urte batzugatik ez ziren izan, baina Iparragirrek eta Galparsorok bakoitzak bere erara eman eta zabaldu dute Gernikako Arbola.