Gazta berriaren denboraldiari irekiera ofiziala emango diote bihar Ordizian
Artzain Egunarekin hasiko dute urteko azoka berezien egitaraua.
Gazta, ardiak eta bereziki artzaina izango ditu protagonista bihar Artzain Egunak. Artzaintza eta gaztagintzaren inguruko ekitaldi ugari antolatu dituzte, eta tartean, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ekitaldi ofiziala egingo dute.
Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zituzten biharko ekitaldiak Aste Santuko jai egunak baino lehen. Bertan bildu ziren Koldo Lizarralde Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria; Igor Eguren Ordiziako alkatea; Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kide Jose Inazio Iturrioz eta Jesus Mari Ormaetxea; Miriam Molina Idiazabal jatorri izendapeneko kudeatzailea; Josean Alija Bilboko sukaldaria; eta omendutako gaztagileak, Arkaitz Larrarte eta Ixidro Sukia ataundarra.
Gastronomia munduan aditua den pertsona bat gonbidatzen dute urtero Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren irekiera irudikatzen duen gaztaren ebakitzera. Aurtengoan Josean Alija Nerua Guggenheim Bilbao jatetxeko sukaldariak izango du gazta ebaki eta dastatzeko ohorea. Goizeko hamaikak ondoren egiten da ekitaldi ofiziala udaletxeko batzar aretoan; garai bateko transhumantzia birgogoratuz artaldeek Ordizia erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren.
Gazta ebakitzerako Idiazabal gazta babestu eta sustatzeko lanean nabarmendu direnei errekonozimendua egingo diete. Hala, aurten Eroski Taldea izango da omendua, “Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo Idiazabal Gaztaren banaketa eta difusioan egindako langatik”.
Artzainei, aitortza Artzainek ere jasoko dute euren lanaren errekonozimendu eta aitortza. Idiazabal gaztaren kalitatea egiaztatu duten artzainentzat gaztaren erregulartasun sariak banatzen dira. Hala, erregulartasun-kalitate sariei dagokionez gaztagilearena Ataungo Ixidro Sukia artzainak eramango du. Gaztandegiari dagokionez, Sunbillako (Nafarroa) Luis Vicente Larrarteren gaztandegiak jasoko du. Iaz ere izendapen bera jasota Arkaitz Larrarte izan zen Ordizian, errepikatu egingo du arten beraz.Aurtengoa Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren XXI. edizioa izango da. 1995ean egin zuten lehena, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak eta Idiazabal Gaztaren Jatorri Deiturak bultzatuta. Helburua, Idiazabal gaztaren bueltan festa egitea zen, produktua susatatzeko helburuarekin. Horrez gain, gazta egiteko ezinbesteko diren artzainei esker ona eta meritua aitortzeko beharra ere ikusi zuten. Urteko aparteko azoka berezien egutegiari irekiera emango diote biharkoarekin.