Erlojupeko bikaina eginda, Jon Izagirre ormaiztegiarra (Movistar) Euskal Herriko Itzuliko podiumean sartu da. Hirugarren bukatu du. Aia-Aia erlojupekoan (18,3 km) bere taldeburu eta aste osoan lana egin dion Nairo Quintana gainditu du (arazo mekanikoak izan ditu kolonbiarrak, eta bizikleta aldatu behar izan du maldan gora). Bost urte ziren euskaldunik Itzuliko podiumean sartzen ez zela; azkena, Beñat Intxausti izan zen, gaur egun Izagirretarren taldekidea.

Jon Izagirre, Aiako podiumean./Eitb
Jon Izagirrek 3. bukatu du 6. etapa ere, Tom Dumoulin-engandik (28:46) 5 segundora. Bigarren Joaquim Rodriguez (Katuxa) sailkatu da etapan, irabazlearengandik 4 segundora.
Azkenean, Rodriguez kataluniarrak Sergio Luis Henao (Sky) gainditu du sailkapen nagusian, eta hark irabazi du Itzulia. Zumarragako etapa asteazkenean eta biharamunean Arraten hura izan zen garaile. Henaok, bere aldetik, bigarren aldiz azken erlojupekoan galdu du lidertza. Orain hurrena, Beasain-Beasain azken erlojupekoan gertatu zitzaion, 2013an. Orduan Quintanak irabazi zuen Itzulia. Rodriguezek 13 segundo atera dizkio Henaori gaur, erlojupekoan.

Joaquim Rodriguez ‘Purito’, Aiako podiumean./Eitb
Izagirrerena lorpen handia da, kontuan hartuta Quintana taldeburuarentzat lanean aritu behar izan duela Itzuli osoan. “Itzulia hasi aurretik esan izan balidate podiumean bukatuko nuela, sinatuko nukeen”, esan du, bukatu orduko. “Harro egoteko modukoa da 3. postua. Lan eta lan aritu gara Itzulian, aurpegia ematen. Etapa garaipenik ezin izan dugu lortu. Baina etxeko Itzulian podiumean egotea pertsonalki zoragarria da, Puritoren eta Henaoren ondoan”, azaldu du ormaiztegiarrak.
“Oso gustura nago egindako itzuliarekin. Pertsonalki banuen esperantza txiki-txiki bat, baina horrelako kategoriako lasterketa batean zaila da, ho
rrelako txirrindulariei aldea kentzea. Erlojupeko borobila atera zait, eta podiumean sartu naiz. Oso momentu polita da”, gaineratu du.
Irabazteko hautagai nagusia taldean Nairo Quintana zutela berretsi du. “Beñat Intxausti eta ni tapatuta etorri gara, askatasun batekin. Ondo gentozen, eta zerbait egin genezakeela bagenekien. Ez dago aitzakiarik jartzerik. Bukaerara indartsu iritsi gara, eta podiumean sartzea ez da gutxi”, esan dio Euskadi Irratiari.
Sailkapen nagusia honela geratu da:
- Joaquim Rodriguez ‘Purito’ (Katuxa),
- Sergio Luis Henao (Sky), 13 segundora.
- Jon Izagirre (Movistar), 29 segundora.
- Nairo Quintana (Movistar), 38 segundora.
Otsailean 26 urte bete zituen Jon Izagirrek. Orain, atseden hartu ondoren, hurrengo lana Italiako Giroa izango du.