Goierriko giza aztarna zaharrenetarikoak han aurkitu zituzten, duela 27.000 urte ingurukoak
Leku garrantzitsua da Usategiko kobazuloa. Ataunen, San Martin auzotik goraxeago, Goierrin aurkitu izan diren gizakiak landutako tresna zaharrenetakoak handik atera dituzte arkeologoek. Larunbatean, Atauniker kultur elkartearen eskutik, txango gidatua egin ahalko da hara. Kobazuloaz gain, inguruko landare ugaritasuna ere erakutsiko dute.
Irteera zapatuan 09:00etan hasiko da, San Martingo plazan. Oinez, Iztatorzardik Arratetarantz hartuko dute. Agerreaundi, Agerretxiki eta Iraan baserrietatik gora iritsiko dira Usategiko kobara. Joan-etorria sei kilometro da. 12:30erako itzuliko dira atzera plazara.
Usategi kobaren sarrera.
Usategiko koban Goi Paleolitikikoko lan tresna bat aurkitu zuen Joxe Migel Barandiranek, 1970 aldera. Orein adarrez egindako azagaia da (lantza-punta baten antzekoa). Era isturiztarrean kokatu zuten, duela 27.000 eta 22.000 urte egina. Duela gutxi arte, Goierriko giza lanketa zaharrena hori hartzen zen, harik eta 2013an Enirio-Aralarko Ondarreko industokian aztarna zaharragoak azaleratu zituzten arte, duela 50.000 urte ingurukoak.
Ondare arkeologikoaz gain, naturak ere badu interesik. Artadi batean dago, Ataungo Domoaren mendebalean. Europako Batasuneko intereseko habitata da basoa, eta babestuta dago. Mediterraneo aldeko artea da (
Quercus ilex).