Urola Garaiko Mankomunitateak emango du ikastaroa, eta etzi da izena emateko azken eguna
Lazkaoko Ikastolan egindako mosaikoa, genero indarkeriaren aurkako egunean.
Taldea osatuz gero, datozeen asteetan hezkidetzari buruzko ikastaroa egingo dute Ezkio-Itsason. Udalak, Urola Garaiko Mankomunitateak eta Ganbara Guraso elkarteak antolatu dute ikastaroa. Herriko gazteei zuzenduta dago, eta Beldur Barik proiektuaren barruan kokatzen da. Gazte eta nerabeen arteko indarkeria sexistaren prebentzioa da helburua. Urola Garaiko Mankomunitateak eskainiko du ikastaroa, eta guztira lau saio izango ditu, bakoitza bi ordukoa.
Lehenengo saioa. Hezkidetza kontzeptua zer den azalduko dute, eta familietatik eta gizartetik gazteei transmititzen zaizkien balio sexisten inguruko hausnarketa egingo dute.
Bigarren saioa. Feminitatea landuko dute. Emakumeari buruz hedabideetan ematen den irudiari buruzko hausnarketa bultzatuko da, eta irudi horrek neska gazteengan eta gizartearengan duen eragina aztertuko dute.
Hirugarren saioa. Maskulinitatea izango dute hizpide. Maskulinitatearen eraikuntzaren inguruko hausnarketa egingo dute. Gizon izatea zer den, mutilek haur direnetik jasotzen duten heziketa eta horrek haiengan duen eragina landuko dute.
Laugarren saioa. Lehen hiru saioetan hausnarketa horiek eginda, ikastaroko azken saioan berdintasunean hezteko baliabideak eskaintzen saiatuko dira.
Etzi da ikastaroan izena emateko azken eguna, Ezkio-Itsasoko udaletxean. Izena ematen duten guztiekin bilera bat egingo dute, eta denen artean erabakiko dute ikastaroa zein egunetan eta ordutan egin.