Legazpiko EAJk udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du
Legazpiko EAJk Bikuña jauregian aurkeztu du zerrenda. Ekitaldian Joseba Egibar GBBko lehendakariak parte hartu du. Koldobike Olabide alkategaiak bere taldearen “gogoa eta ilusioa” azpimarratu ditu eta “zintzotasuna, hurbiltasuna eta entzute aktiboa” kudeaketa ona eta gobernu ona lortzeko oinarri izango dituela gehitu du. Bere esanetan, taldeak “gaztetasuna, freskotasuna, prestakuntza eta kudeaketan esperientzia” uztartzen ditu.
Bere ustez azken zortzi urteetan ez da etorkizuneko proiektu berririk landu. “Beste batzuk pentsatutako proiektuak gauzatu dira soilik”, esan du. Hauteskunde programako egitasmoetako batzuk ezagutzera eman ditu: aparkalekuak egitea Latxartegin, anbulatorioan, paper fabrikaren inguruan, Urtatzen edo Telleriarten; enpresekiko harremanak indartzea, enplegu iraunkorra eta kalitatezkoa sortzeko; legazpiarrei hondakin bilketa sistemari buruz galdetzea, haur parkeak estaltzea eta Junetorri autobusa doakoa izatea.
Honako hauek osatzen dute zerrenda:
- Koldobike Olabide. Kimikan lizentziatua eta ingurumen kudeaketan aholkularia. Duela 20 urte bere enpresa sortu zuen. Kilometroak 94en antolaketan, Haztegi ikastolako guraso batzordean, musika eskolan, Ilintxa kirol elkartean eta atez atekoaren aurkako plataforman lan egin du.
- Javier Iraeta. Industria maisua. 20 urtez zinegotzi. 30 urtetan Andraitz saskibaloi taldeko arduraduna. Elikagaien Bankuan eta Nagusilanen lan egiten du.
- Eric Galvez. Zuzenbidean lizentziatua. Enpresa zuzendaritzan hasi du bere ibilbide profesionala.
- Iñigo Imaz. Industria maisua. Ilintxako entrentzailea, Korosti dantza taldeko kidea eta igeriketa taldeko kidea izan da.
- Ane Urkiola. Zuzenbidean lizentziatua. 12 urtez zinegotzi. Aurreko legealdian legebiltzarkidea izan zen. Eusko Jaurlaritzan lan egiten du.
- Aitziber Beldarrain. Ekonomian lizentziatua. Aholkularitza munduan lan egiten du.
- Aitor Madina. Legazpi eta Oñatiko musika eskoletako zuzendaria.
- Amaia Herranz. Enpresa Zientzietan lizentziatua. Automozio munduko enpresa batean lan egiten du.
- Mikel Alberdi. Informatika ingeniaria. Atez atearen aurkako plataforman lan egin du.
- Maria Soledad Arostegi. Etxekoandrea.
- Javier Urtzelai. Enpresa Zientzietan lizentziatua. Legazpiko enpresa bateko arlo ekonomikoaz arduratzen da. Atez atekoaren aurkako plataforman lan egin du.
- Maria Jose Cantero. Fagorren lan egin du. Nagusilaneko eta atez atekoaren aurkako plataformako kidea.
- 13. Rafael Segurajauregi. Industria maisua.