Saturraranen preso
Euskal Memoria Fundazioak sarean zintzilikatu berri du Saturrarango kartzelan egondako emakumeen zerrenda. Beasaindar bat, zegamar bat eta zeraindar bat daude 1.583 izenez osatutako ...
Euskal Memoria Fundazioak sarean zintzilikatu berri du Saturrarango kartzelan egondako emakumeen zerrenda. Beasaindar bat, zegamar bat eta zeraindar bat daude 1.583 izenez osatutako zorigaiztoko zerrenda horretan.
1938ko urtarrilean eraman zituzten lehen presoak Saturrarango (Mutriku) emakumeen espetxera. Frankistek kartzela bihurtu zuten XIX. mendean hotel eta bainuetxe izan zena. 16 eta 80 urte bitarteko 4.000 emakume baino gehiago pasa ziren bertatik, haurrak ere bai. Asturiarrak ziren gehienak, baina Galizatik eta Kantabriatik iritsitakoak ere bazeuden. Euskaldunak ere bai, asko.
1938 eta 1945 urte bitartean Saturraranen egondako emakumeen zerrenda osatu eta ezagutarazi du orain gutxi Euskal Memoria Fundazioak. Zerrenda horretan 1.583 izen ageri dira, tartean hiru goierritarrenak: Antonia Larrañaga Areso (Beasain, 1903), Tomasa Otaola Sabando (Zegama, 1872) eta Blasa Iñurrategi Apaolaza (Zerain, 1988). Bi urtez egon ziren preso. Herriz herri edo izen zehatzekin egin daitezke kontsultak bilatzailean.
Ankerkeria ilunak
Errepublikanoak edo disidenteak ziren; errepublikanoen ama, alaba edo emazte izatea ere delitu zuten. Bizi baldintza latzetan, tifusaren nahiz tuberkulosia gaixotasunek eta goseak gogor astindu zituen emakumeak. Inguruko herrietako, Ondarroako, Mutrikuko nahiz Debako, bizilagunen bidez lortzen zuten janari eta arropa urriarekin moldatu behar izaten zuten. Lekaimeek kanpotik bidalitako gaiak bereganatu eta ekonomatuan salgai jartzen zituztela ere kontatzen dute bertan egondakoen testigantzek.
Frankisten espetxe egiturako eremurik garrantzitsuenetakoa izan zen Saturrarangoa. 1940an 1.500 presotik gora egon ziren bertan. Gunea hainbat pabiloitan zatituta zegoen eta presoek debekatuta zuten batetik bestera pasatzea.
Mesedetako ordenako 25 moja, funtzionario bat, apaiz bat eta 50 militar arduratzen ziren espetxeaz. Gehiegikeria eta ankerkeria latzak gorde zituzten eraikinetako ormek urte haietan. Jasotako tratu txarren, gosearen nahiz gaixotasunen ondorioz 116 emakume eta 56 ume hil zirela diote Mutrikuko heriotzak biltzen dituzten liburuek; herriko hilerrira eramaten zituzten gorpuak. Hildakoen liburuetan 1944tik aurrera ez da umerik ageri, ordea, Estatuko hospizioetara bideratu zituzten. Kartzelako erregistroetan ez zen umerik ageri, hildakoan egindako izapideak dira lekukotza bakarrak. Testigantzen arabera, ehun bat ume desagerrarazi zituzten; amek zail izan zuten haien berri izatea.
Historiak ezkutuan mantendu duen pasarte tamalgarria da Saturrarangoa, azken urtetan argitara aterea.