Neguko barazkiak bukatzen ari dira eta udaberrikoak berandugo datoz; horrenbestez, eskaintza mugatua da momentu honetan.
Arantxa eta Joseba ama-semeak, Monteseneko landare postuan.
Barazkien ugaritasuna genuen hizpide iaz, garai honetako ferietan. Aurten ordea, kontrakoa gertatzen ari da. Iaz negukoek luze iraun zuten eta udaberrikoak hasiak ziren aurrekoak bukatzerako. Aurten berriz neguak luze jo du eta beroa kolpez etortzeak dugun egoera ekarri du; hau da, geratzen ziren neguko barazkiak bruzelaza, ziazerba, azalora, txikoria, eskarola edota perexila esate baterako, garatzen hasi dira egun batetik bestera; eta aldiz, udaberri udakoak ez datoz hain aguro.
Gai honen inguruan hizketan, hala esan digu Patxi Arizmendi aramarrak: «Jendeak uste udaberrian gaudelako denetik dagoela, baina ia ezer ez dago». Ilar eskaintza esaterako, postuan bistan zituen kilo gutxi batzuetara mugatzen zen. Izan ere lehenbizi ereindakotik asko galdu egin zen bustiaren ondorioz, eta berriz ereindakoak denbora behar du; eta babarekin ere berdin. Hala zioen Orendaingo Pepita Aiestaranek: «Ez dut uste ilar urtea izango denik; beroarekin hauts urdina egiten zaio ilarrari, jateko ale ona badu ere, saltzeko ez du itxura politik izaten, leka zuritzen baita».
Landareak berriz, aukeran
Landareetan bai, aukera oparoa dago, eta orain arteko eskaintzari kuiatxo edo kalabazin zuria eta berenjena gehitu behar dizkiegu. Piper eta tomate mota asko daude aukeran. Ibarrako Monteseneko Arantxa Iparragirre familian egiten duten tomate lanei buruz jardun zaigu: «Etxean ekarritakoak dira tomate landare denak, klase asko ditugu, betiko hemengoak eta amerikarra esaten zaiona. Denbora eta pazientzia handia behar da lan honetarako».
Ziza gutxi aurten gauden garairako: 16 bat kilo, eta 60-70 euro artean salgai. Karraspina morchella kilo bakarra. «Gure mendietan ere ba dago baino ez dugu ohiturarik hauek kozinatzeko, kanpokoek gehio ezagutu eta estimatzen dute» aitortzen zigun Mikel Lasak.