Beasaingo Gudugarreta auzoko pasabidea egiteko lanak amaituta daude
Beasaingo herrigunetik Salbatorera arteko bidean dagoen Gudugarreta auzoko pasabidea dagoeneko oinezkoentzako erabilgarri dago. Udaletik emandako datuen arabera, egitura egurrezkoa da, bai zorua eta baita baranda guztia ere. Egurrezko pasabideak metro eta erdiko zabalera du. Salbatoreko industriagunearen parean dago kokatuta pasabidea, errepidearen goiko aldean, eta lau aste inguruan egin dituzte lanak. Orain, pasabidera iristeko bide zatia eta ingurua txukuntzea falta da lanak guztiz amaitzeko. Lanen kostua 40.000 euro ingurukoa izan da.
Aurreko legealditik datorren arazoa da Gudugarreta auzoko pasabidearena. Izan ere, 2009ko euriteen ondorioz gertatutako lurjauzi batek pasabidea eta azpiko ur hoditeria apurtu zituen, eta ordutik luzatu dira lanak. Beasaingo Udalak jakinarazi duenez, lurjauzia gertatu ondoren, ingurua berreiraikitzeko eta txukuntzeko «lanak nork ordaindu behar zituen zehazteko adostasunik ez zen lortu», eta horren ondorioz luzatu dira lanak.
Pasabidearen azpitik Arriarango presatik eskualdeko hainbat gunetara ura eramateko hoditeria nagusia dago. Hoditeria hori konpontzeko ardura Ur-kontsorzioa enpresak hartu zuen bere gain eta errepide ondoko horma Gipuzkoako Foru Aldundiak berritu eta altxatu zuen berriz. Iaz egin zituen lan horiek. Koldo Agirre alkaterakzehaztu duenez, «Gudugarretatik aurrera doan bidea berreskuratzea falta zen, eta udalak lan horiek egiteko ardura bere gain hartzea erabaki zuen» . Hala, Agirrek zehaztu duenez, «lanen hasiera nahi baino gehiago kostatu da, inguruak berez dituen zailtasunengatik, baina azkenean lortu da lanak egitea eta bidea berreskuratzea».
Arazoa 2009ko otsailetik
Beasain eta Salbatore auzoa batzen dituen oinezko pasabidea 2009ko otsailaren 12az geroztik egon da puskatuta, egun horretan botatako euri jasak eragindako lur mugimendu baten ondorioz. Lurrak menditik GI-2632 errepiderainoko tartea hartu zuen, eta errepidea erabat itxi behar izan zuten Ormaiztegirako eta Beasainerako norabidean. Pasabideaz gain, Arriarango urtegiko ura banatzeko hodiaren zazpi metro eraman zituen luiziak, Goierri beheko herri ugari ur hornidurarik gabe utziz. Lareoko urtegitik bideratu behar izan zuten ura.