Foru Alduniak eta Gipuzkoako bederatzi udalek jarri dute martxan, tartean dira Ordizia eta Urretxu. Autoa partekatuz ibilgailuen kopurua murriztu nahi dute
Europako hainbat herrialdetan gero eta gehiago zabaltzen ari den autoa partekatzeko sistema Goierrira iritsi da. Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko 9 herrirekin egin du lehen fasea martxan jartzeko hitzarmena; horien artean daude Ordizia eta Urretxu. Hain zuzen ere, Ordizian eman dute proiektuaren arduradunek egitasmoaren berri.
Eusko Car Sharing Elkarteko Iker Maguregi izan da bultzatzaileetako bat. Berak azaldu duenez, egungo gizartean «gero eta auto gehiago dago; familia askotan, bat baino gehiago». Askok kotxea mugitzeko beharrezkoa badute ere, kasurik gehienetan bigarren ibilgailuari erabilpen gutxi ematen zaio. Beste batzuk, berriz, tarteka edo oso gutxitan behar izaten dute autoa. Horien denen beharrak eta ordutegiak kontuan hartu, erabilera bat hitzartu eta autoa elkarbanatzea da Lurraldekar egitasmoaren helburua. Eta bide batez, autoen kopurua eta erabilera murriztea.
Gastuak murrizteko modu bat ere bada. Izan ere, auto baten urteko kostua 5 eta 6 mila euro artekoa da, bataz beste. Autoa konpartituta, gastu hori 2-3 mila eurora murriztu daiteke.
Europako esperientzia
Lurraldekar egitasmoa, Europako zenbait herrialdeetan martxan diren Car Shearing edo kotxea partekatzeko beste esperientzia batzuetan oinarritu da. Horietako bat da Belgikan 2003an martxan jarritako Autopia elkartearena. Jeffrey Matthijs elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, 10 urtetik gorako ibilbidea egin badute ere, batez ere 2009. urtetik aurrera hasi zen indartzen, hein handi batean, krisi ekonomikoaren ondorioz.
Matthijsen arabera, «denboraren %95ean autoa geldirik izaten dugu, eta kotxe bat erosteak eta mantentzeak duen kostua ikusita, zerbait egiteko beharra ikusi genuen». Esan eta egin. Proiektua martxan jarri zutenetik, asko zabaldu da ekimena, ez bakarrik Belgikan, baita beste herrialde batzutan ere.
Autoa partekatzeak, hasieran «mentalitate aldaketa» bat eskatzen duela dioMatthijs-ek. «Lehendabiziko pausoa kotxea konpartitu nahi izatea da. Gero erabilera planifikatu behar da, eta erabiltzaileen artean hitz egin eta adostu». Adostu beharreko horien artean daude ordutegia eta erabilera arauak, asegurua eta gainontzeko gastuak (kilometroak, azterketak, konponketak…). Horiek denak adostu eta kontratu bat sinatzen dute erabiltzaileek; hartara, gero etor daitezkeen eztabaidak eta haserreak ekiditen dira.
«Denboraren %95ean autoa geldirik egoten dela ikusita, zerbait egin beharra zegoen»
Jeffrey Matthijs – Autopia elkartea
Eskaerak webgunean
Foru Aldundiak dagoeneko martxan du lurraldekar.eus webgunea. Auto jabeek nahiz beste norbaiten autoa partekatu nahi dutenek, bertan eman behar dute izena. Iker Maguregik azaldu duenez, «jabeek nahiz erabiltzaileek erregistratuta egon behar dute; gero, mapa baten bitartez, norbere herritik gertu zer dagoen ikusi ahal izango da». Antzeko beharrak dituzten bi lagun edo gehiago elkartu eta taldeak osatuko dira.
Lurraldekar zerbitzua arduratuko da talde horiek osatu eta erabiltzaileei aholkularitza emaeaz. Erreserba gune bat izango dute eta mugikorrerako aplikazio bat ere martxan jarriko dute, taldeen erabileraren eta kilometroen kontua eramateko.
Gipuzoako 9 udalek parte hartuko dute egitasmoan; Ordiziaz eta Urretxuz gain, Donostia, Irun, Hernani, Zarautz, Tolosa, Bergara eta Oñati daude momentuz, baina proiektua herri gehiagotara zabaltzea da asmoa.