Goierritarrek erabakia dute
Egun bera eta galdera berbera. Goierriko 22 herrietan erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketa egiteko asmoa agertu du Gure Esku ...

Egun bera eta galdera berbera. Goierriko 22 herrietan erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketa egiteko asmoa agertu du Gure Esku Dagok. Datorren urtean izango litzateke, aurten iazko eskuak josi eta gero.
Arriarango Intxaurpe elkartean eginda dago hitzordua. Han egin zituzten Nazioen Munduaren lehenengo bilerak eta han eman zuten aurrenekoz, oraindik guztiz editatu gabe zegoenean, Gazta zati bat dokumentala. Oskar Soto (Beasain), Josu Idigoras (Urretxu-Zumarraga) eta Asier Iriondo (Legazpi) nor bere herriko Gure Esku Dagoren ordezkariak bildu dira Intxaurpeko mahaiaren bueltara. Solasaldiak aurrera egin duenean eman dute albistea: Goierriko 22 herrietan segida zehatza eman nahi diete iazko giza kateari eta aurtengo joste egunei. Goierri osoan herri galdeketa antolatu nahi dute 2016an; ez dute Goierri garaia eta Goierri behea bereizten. Goierri bakar batean galdera bera, egun bera eta 50.000 bizilagun inguru erabakitzen. Eta kontsultaren berri eman izana prozesua abiatzeko lehenengo pausoa da. Eta esan dute jada egiteko asmoa dutela. Eta asmoa hitz bihurtuta egiazkoagoa egin dute. Emaitzak baino, helburua goierritarren parte hartzea lortzea da.
Baina has gaitezen hasieratik. Idiazabalen hasitako bidearen sena Oskar Sotoren hitzetan «batzen gaituena ipar hartzea» izan zen. Batuketa hori autodeterminazio eskubideak baliatu zuen, «aukera demokratiko bat da, baztertzen gaituela diote zenbaitzuk, baina ni eskubideei buruz ari garelakoan nago». Eskozia ekarri du gogora, «ezezkoak irabazi zuen, hala ere, burujabeak izan ziren eta erabakitzeko aukera izan zuten». Idigorasek gehitu du, «minimoa erabakitzeko eskubidea da, hortik aurrera datorrena datorrela».
Nor bere jabe Iriondok hitza hartu du. Orain gutxi Legazpin Josu Zabaletak eta Aintzane Gamizek hitzaldia egin dute. Erabakitzeko eskubideari buruz aritu dira eta eskubide horren bihotza ukitu dute, «nork bere erabakiak har ditzakeela konturatzea dela esan ziguten, norbera ahalduntzea». Iriondo diskurtso hau jendarteak erraz sartzen delakoan dago, «horren isla da bi urteotan gertatzen ari dena».
Sotorentzat iaz Iruñea (Nafarroa) eta Durango (Bizkaia) lotu zituen giza kateak «nazio bat garela eta herritarren garaia iritsi dela erakutsi zuen. Alderdi politiko guztiak parte hartzearekin ari dira gora eta behera. Baina parte hartzea botoa ematea al da? Noraino ez ote dago aurrez zuzenduta herritarrok pentsatzen edo erosten duguna?». Parte hartzea %5era mugatzen dela dio Idigorasek. Iriondok ñabardura bat egin du: «Jendeak ez du lantaldeetan aritzeko joerarik, baina ekimenetan parte hartzea ez zaio horrenbeste kostatzen».
Gure Esku Dagok parte hartzea bestela ulertu du hasieratik. «Desberdin pentsatzen dugunok ari gara lanean, batu gara eta batera goaz», dio Idigorasek. Sotok aurrera egiteko ate bat bezala ikusi zuen ekimena, «aniztasun bila ari gara. Pentsakera eta sentitzeko era ezberdinak dituztenak erakarri nahi ditugu».
Edonola ere, Gure Esku Dagoren inguruan lanean ari diren gehienek badute ezaugarri komun bat: abertzaleak dira. Sotoren hitzetan, «indargunea eta ahulgunea da aldi berean. Izan ere, ez al du tira egin behar erabakitzeko eskubidea beteta ez dagoela sentitzen duen horrek? Nola erakarri abertzaleak ez direnak? Nola egin zuten Eskozian unionistek galdeketa onartu zezaten? Gaia sozializatu zuten, lan asko egin zuten eta denbora behar izan zuten».
Behetik gora
Gure Esku Dago behetik gora ehuntzen ari den mugimendua dela diote aho batez. Sotok azaldu duenez, «giza multzo bat gara, foro bat, horri gizarte osoa josi nahi diogu. Nola? Saretzen». Eta iaz Iruñea eta Durango lotu zituzten esku horiek guztiak ehundu bidean aurten bigarren urratsa aurkeztu dute herriz herri.
Oihaletan erabakitze eskubidearen inguruko ideiak irudikatzeko gonbitea egin dute Gure Esku Dagokoek. Tutore batek oihal zati baten ardura hartuko du eta oihal hori beteko duen 20 laguneko lantaldea bilduko du. Parte hartzaile bakoitzak, nork bere herrian, paper bat beteko du bere datuekin eta euro bat emango du; haurrek ez dute daturik eman beharko baina paper bana egokituko zaio 16 urtetik beherako ume bakoitzari. Tutore jakinen erreferentziarik gabe ere izena eman daiteke eta parte hartu. Txartelak betetzeko mahaiak eta guneak jartzen ari dira honezkero herrietan. Internet bidez ere badago txartela betetzeko aukera.
Apirilaren 25a inguruan Ehuntze Eguna egingo dute eta ordurako bildutako oihal guztiak josiko dituzte. Iriondorentzat herrietan ekintza hauen barruan sortzen den giroa da politena. Idigorasek, bide batez, Gure Esku Dagoren arima hori dela gogoratu du, «behetik gora sortutako mugimendu bat da; herritik lurraldeetara eta lurraldeetatik Euskal Herrira».
Herri bakoitzak bere martxa izango du Ehuntze Egun horiei dagokienean. Esaterako, Beasainen Herrialde Katalanetatik iritsitako Castellersen ikuskizuna erakutsiko dute, muralak margotuko dituzte eta festatxoa egingo dute apirilaren 26aren bueltan. Urretxun eta Zumarragan gaur egingo dute eta Legazpin Santikutz jaien barruan egingo dute, maiatza hasieran.
Erronka, halere, harago doa. Ekainaren 21ean ekitaldi nazionalak egongo dira Euskal Herriko bost hiriburu nagusietan –Baiona, Bilbo, Donosti, Iruñea eta Gasteiz–. Hiriburu horietako gune esanguratsuenetan, Bilbon San Mamesen egingo dute eta Donostian Anoetan, ekintza poetikoa egingo dute ia. Joste Eguna hiriburuz hiriburu eramango dute Gaur hautestontzia, bihar erabakia leloarekin. «Guztion ilusioen ehuna egingo dugu. Hauek dira gure mezuak, hauek gure ilusioak esatera goaz. Herriz herri ehundutako oihalekin osatuko dugu boto kutxa», dio Sotok.
«Erabakitzeko eskubidea da norbere erabakiak har ditzakeela konturatzea» Asier Iriondo (GED Legazpi)
«Herriz herri ehundutako oihalekin osatuko dugu boto kutxa Joste Egunean» Oskar Soto (GED Beasain)
«Behetik sortutako mugimendu bat da; herritik lurraldera eta lurraldeetatik Euskal Herrira» Josu Idigoras (GED Urretxu-Zumarraga)
Goierrira begira Orain bi urte abiarazitako mugimenduak aurrera egin duen bitartean egin dira jada herri galdeketak. Egin zuten Etxarrin (Nafarroa) orain urtebete eta Arrakundiagan (Bizkaia) segida eman zioten aurreko azaroan. Orain, Goierrin galdeketa egiteko prozesua martxan jarri dute. Hasteko iragarri egin dute lerro hauen bitartez.
Apirilaren 26an Beasaingo Igartza jauregian galdeketak egin dituzten herrietako ordezkariak hartuko dituzte: Sant Vicenç dels Horts (Herrialde Katalanak, Bartzelona), Etxarri, Arrakundiaga eta Eskozia. «Bakoitzak bere herrian edo herrialdean galdeketa nola antolatu duen azalduko du. Guretzat prestakuntza tailer baten modukoa izango da; jakina, edozein herritarrek parte hartu dezake», dio Sotok. Tailerrean Goierriko Gure Esku Dagoko herriz herriko ordezkariak izango dira. Goierrin galdeketa egitea «mugarria» izango delakoan dago Iriondo. Sotok botoa hartu eta kutxan sartu ahal izatea itzela izango dela dio, «emaitzak baino parte hartzeak izango du guretzat pisu gehien; norberak erabakitzeko ariketa hori egitea, alegia».
Goierriko Gure Esku Dagok Giza Kateak iaz sortutako ilusioaren olatua baliatu nahi du. Joste Egunetan ilusio horiek banan-banan elkarrekin josi nahi dituzte aurten eta, aurrera begira, hirugarren urratsa herri galdeketa izan behar dela argi daukate.
Nor bere herriaren irudia
Sotori, Idigorasi eta Iriondori nork bere herrian galdeketa irudikatzea eskatu diogu, beren herriak erabakitzen imajinatzea.
- Soto: «Herri handietan irudikatzea zailagoa da. Beasainen auzoka egin beharko genuke galdeketa. Orain saretzen ari gara, baina eginkizun bat eta erronka bat behar direlakoan gaude. Tutoreei, esate baterako, parte hartzaileak egingo luketen galdera zein den jasotzea eskatu diegu. Izan ere, galdera bera adostea ezinbestekoa litzateke».
- Idigoras: «Aurten hautestontzia bete daitekeela irudikatu nahi dugu eta datorren urtean beteko ditugula. Urretxu eta Zumarraga ezberdinak dira. Eskualde osoan egitea inportantea da. Helburu bat jarrita jendea piztuko delakoan nago, eta hala bada parte hartuko du. Giltza parte hartzea da».
- Iriondo: «Lehenengo eta behin niretzat Goierriren mapa osoa ikustea garrantzitsua da. Legazpin auzoz auzoko bozketa ikusten dut, eta legazpiarrak Goierri osoarekin boza ematen ikusten ditut. Aurretik girotze lana egin beharko dela uste dut eta horretarako lantaldea beharko dela. Ilusionagarria da erabat».
Nazioen Mundua Goierrin jaio zen eta Goierritik zabaldu zen Euskal Herrira. Behin Goierrin kontsulta eginda, ilusioa mendirik mendi eta lautadaz lautada Euskal Herri osoan barreiatu daitekeelakoan daude Gure Esku Dagoko Goierriko lantaldeko kideak. Galdera zein izan daitekeen ihardetsi diegu. «Prozesuak berak aginduko du zein den», dio Sotok. Diotenez, galdera berari erantzungo diote 50.000 bat goierritarrek eta galdera hori osatzeko adostasunak lortu beharko direla. Data ez dute zehaztu solasaldiaren hasieran, baina amaierarako 2016 urtea aipatu dute, datorrena. «Zehatzera joko dugu, Goierriko herri galdeketa antolatu, eta egin egingo dugu», adierazi du Sotok.
Ez dute nahi Gure Esku Dagok antolatutako ekintzak, hala iazko giza katea nola aurtengo Joste Egunak, urteko jai kutsuko hitzordu bilakatzea. Iriondok esan du, «ez dugu urteroko ezer bilakatu nahi, urratsak eman nahi ditugu» eta Sotok borobildu du: «Gu ez gaude festak antolatzeko, erabakiak hartzeko bidea egiteko baizik».
Orain bi urte ez zegoen erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendurik Euskal Herrian. Goierrin jaio, eta olatu bat bezala zabalduz joan da. Prozesua aurrera doa. Orain josi eta ilusioen boto kutxa irudikatu. Goierritarrentzat, hurrena, kutxa hori erabakiz betetzea.