
Alkategaia Kepa Urtzelai izango da, egungo alkatea. Zerrenda honakoek osatzen dute: Sagrario Etxabe, Gorka Iñurritegi, Rakel Puente, Andoni Aizpeolea, Aitor Lazkanoiturburu, Zaida Casales, Aitor Arando, Elena Aseginolaza, Larraitz Zabaleta, Mikel Altzelai, Lurdes Etxaniz, Jose Luis Ugarte, Nagore Belastegi, Aitor Uribetxeberria eta Itziar Arrizabalaga.
Etxabek talde polita eta gaztea osatu dutela eta indarra eta ilusioa dutela aipatu du. Taldean arlo ezberdinetan lan egiten duen jendea dagoela eta guztiak euskaldunak direla ere azpimarratu du.
Urtzelaik, berriz, eskerrak eman dizkie azken lau urteetan berarekin lan egiten duten zinegotziei. Ondorengo lau urteetan, legealdi honetan hasi duten lanari jarraipena eman nahi diotela gehitu du. Komunikazioa, parte hartzea, fiskalitate progresiboa, euskara, herriko ondarearen zainketa, berdintasuna, etorkinen integrazioa eta gizarte zerbitzuak EH Bilduren lanaren ardatzak izango direla aurreratu du.
Mugikortasuna planarekin jarraituko dutela ere aurreratu du. Hala, maiatzean edo ekainean Kale Nagusiko lanak hasiko dituztela esan du. “Auzoak ez ditugu ahaztuko, enpresekin lanean jarraituko dugu, herriko langabetuentzat lanpostuak sortuko ditugu, herriko enpresak kontratatuko ditugu, bertako produktuen kontsumoa bultzatuko dugu, udal ekipamenduak egokituko ditugu eta parke estali bat egingo dugu”.
Agirre Etxeberri etxeaz ere hitz egin du. “Bertan musika eskola jarriko dugu. Guk egin dugu etxe hori publikoa. Beste batzuengatik izango balitz, gutxi batzuen esku geldituko litzateke. Orain arte bezala jarraituko dugu. Lan asko egin dugu, zintzotasunez eta gardentasunez, baina asko gelditzen da egiteko”, amaitu du.