
Oskar Valbuena Legazpiko PSE-EEko hautagaiak prentsaurrekoa eman du Bikuña jauregian bere alderdiak egin duen diagnostikoa aurkezteko. Diagnostiko hau hauteskundeetako programa prestatzeko erabiliko dute. Valbuenak Denis Itxasorekin eman du prentsaurrekoa, sozialisten hautagaia ahaldun nagusi kargurako.
Valbuenak diagnostikoa beharrezkoa zela eta programa herritarren parte hartzearekin egingo dutela esan du. Hasteko, populazioaz hitz egin du. Azken hamarkadetan Legazpik 2.000 biztanle galdu dituela eta biztanleria zahartzen ari dela gogoratu du. “Hau arazo bat da, baina baita gizarte zerbitzuetan lanpostuak sortzeko aukera bat ere”. Zaharrei zerbitzuak eskaintzearen alde azaldu da. Baita gazteen emantzipazioa eta familia kontziliazioa bultzatzearen alde ere.
Langabeziari buruz ere hitz egin du. Krisiarekin, langabetu kopurua 200dik 450era igo dela eta langile kopurua 3.500etik 3.000ra jaitsi dela esan du. Bere helburua lehiakortasuna, sinergiak eta dibertsifikazioa bultzatzea da. Baita merkataritza indartzea ere.
Etxebizitzei dagokionez, hutsik dauden 555 etxebizitzak merkatura ateratzearen alde azaldu da. Bere programaren beste ardatzetako bat garapen iraunkorra izango da. “Hau guztia egiteko, bizilagunen iritzia kontuan hartuko dut. Eta baita gainontzeko alderdi guztien iritzia ere. Legealdi honetan gobernuan dagoen alderdiak ez du hori egin. Gainera, gainontzeko instituzioen laguntza bilatuko dut”.
Itxasok Legazpiko alderdikideek egindako lana txalotu zuen. “Diagnosi lan sakona da. Gobernatzeko ondo jakin behar da zeintzuk diren ahuleziak eta indarguneak”.