Amaitu da Gasteizen Osakidetzaren egoitzan osasun erakundearen zuzendaritzaren eta sindikatu nagusien arteko mahai sektorialaren bilera. Lau orduko bileran aldeek ez dute adostasunik lortu eta sindikatuek
ostegunerako zein ostiralerako deitutako greba orokorrari eutsiko diotela adierazi dute. Osakidetzak garapen profesionalaren gaiari urritik aurrera heltzea, ordezkapenak lehenago betetzea eta deialdi publikoaren oinarriak berriz aztertzea eskaini die sindikatuei. Langileen ordezkarientzat, ordea, bileran Osakidetzak ez die proposamen berririk egin eta
greba deialdiarekin aurrera egingo dutela berretsi dute irteeran. Osakidetzako zuzendaritzak aldez aurretik esana zuen lanaldia eta soldatak ez zituela negoziatuko.
Greba
48 ordukoa izango da eta Goierriko osasun zerbitzuei zuzenean eragingo die. Izan ere, Zumarragako nahiz Beasaingo osasun zentroetan eta Ospitalean zerbitzu minimoak ezarriko dituzte eta jarraipenaren arabera, beti ere, Goierriko herrietako
kontsultategiak itxita egongo dira.
Edozein kasutan, bihar biltzekoak dira sindikatuetako ordezkariak Goierri-Urola ESIko zuzendaritzarekin zerbitzu minimoak zeintzuk izango diren zehazteko. Casalesen hitzetan,
Osakidetzan zerbitzu minimoak zabalak izaten dira. Murrizketen ondorioz langileak minimoetan ari dira honezkero eta hainbat zerbitzuetan txanda batzuetako profesionalek baino ezingo dute greba jarraitu.
SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egindako
deialdiaren arrazoiak:
- Gutxienez 3.000 lanpostu betetzeko oposaketa publikoa egiteko eskaera. Osakidetzak 1.000 lanposturako oposaketa deitu du eta sindikatuen iritziz ez da nahikoa. “Murrizketekin 3.000 galdu dira eta toki horiek guztiak betetzeko eskaera egin diogu Osakidetzari”, dio Canalesek.
- Kendutako orduak eta lizentziak berreskuratzea aurreko ordutegira itzuliz, 35 orduko lanaldira, alegia.
- Garapen profesionalari dagozkion osagarriak martxan jartzea. 2011n osagarriei eusteko konpromisoa hartu zuela Osakidetzak, baina dekretu bidez geratu egin duela dio Canalesek, “horrek langileen arteko ezberdintasunak sortzen ditu”.
- Ordezkapenak 7. egunetik aurrera ezartzen ditu Osakidetzak, langileek lehenengo egunetik tokiak betetzea eskatu dio Osakidetzari.
Grebak jarraipena izanez gero honako kontsultategiak itxita egongo dira:
- Idiazabal
- Mutiloa
- Ormaiztegi
- Segura
- Zegama
- Lazkao
- Ataun (San Gregorio)
- Ataun (San Martin)
- Olaberria
- Legazpi
- Ordizia
- Itsasondo
- Zaldibia
- Ezkio-Itsaso
Zumarragako eta Beasaingo osasun zentroak zabalik egongo dira baina zerbitzu minimoek ezartzen duten arreta emango dute, oro har, larunbatean ematen duten zerbitzuen antzekoa izango da. Zumarragako Ospitalean zerbitzu minimoak ezarriko dira ostegunean eta ostiralean.